prentsa oharrak
Euskal zinea
Eitb.com eta ETB-1ek Euskal Zinearen Gaua eskainiko dute gaur
A.H.
EITB
Alex Angulok Zinemira saria jasoko duen gala eskaini aurretik, ETB-1ek Ander pelikula estreinatuko du telebistan.
Euskal Zinearen Gaua ospatuko da asteazken honetan Donostiako Zinemaldian eta Euskal Telebistak ez du ospakizuna galdu nahi izan. Eitb.com-ek 20:30etan eta ETB-1ek 23:55etik aurrera eskainiko dute gala, eta Alex Angulok Zinemira saria jasoko du bertan. Aurretik, euskal zineari omentzeko, Ander pelikula estreinatuko da telebistan ETB-1en.
Euskal Zinearen Gaua Victoria Eugenia antzokian ospatuko da eta, besteen artean, Txaber Larreategik eta Josu Martinezek zuzendutako Debekatua dago oroitzea pelikula aurkeztuko dute. Gainera, Alex Angulok Zinemira saria jasoko du, zinema munduko euskal pertsonaia baten ibilbidea goraipatzen duen saria. Alex Angulo eukal aktorerik famatuenetakoa da, Imanol Uriberen La Fuga de Segovia (1981) filmarekin hasi zen zinemagintzan eta Alex de la Iglesia bere lagun minarekin aktore onenaren Goya saria lortzeko izendatu zuten El día de la bestia (1995) filmean egindako lanagatik. Hortik aurrera, bai telebista bai zinema zein antzerki munduan lan egiteko hamaika eskaintza lortu ditu, eta, hainbat kasutan, zuzendari gazteen film laburretan egin du lan oso esku zabala dela erakutsiz. Zinemaldiko Sail Ofizialean Oscar Aibarrek zuzendutako Vazquez handia (2010) filmean ikusteko aukera dago aurten.
Gala hori eskaini aurretik, ETB-1ek omenaldi berezia egingo dio euskal zinemagintzari. Horretarako, Roberto Castonek idatzi eta zuzendutako Ander filma estreinatuko du telebistan. Filma Berlineko Zine Jaialdian estreinatu zen 2009ko otsailean, eta bertako CIACE saria jaso zuen, Arte eta Saiakera Zinemaren Nazioarteko Konfederazioak ematen duen saria.
Ander berrogei urteko baserritarra da eta bizimodu arrunta du; bizikleta fabrika batean eta baserrian egiten du lan. Baserrian bizi da ama eta arrebarekin. Egun batean istripu bat izango du eta hanka hautsiko du. Horregatik, familiak etorkin bat kontratatuko du baserriko lanak egiteko. Horrek, baserriko bizitza ez ezik, Anderren bizitza ere aldatuko du; izan ere, Anderrek ordura arte inoiz izan ez dituen moduko sentimenduak izango ditu haren aurrena, eta egoera horrek barne gatazka handia eragingo dio.
Gutxi dira transexualen edo homosexualen gaia jorratzen dituzten filmak, eta Euskadin Ander da lehenengoa. Zuzendariaren hitzetan, pelikula hau premiatik jaio zen, beharrezko ikusten baitzuen horrelako gai bat duen lan bat baserri giro batean kokatzea. Ander filmak zuzendariaren helburua lortzen du, ikus-entzuleak protagonistaren munduan sartzen dira erraztasunez, eta landa-inguru horretan, aldaketak hain erraz onartzen dituen inguru horretan, pertsona homosexual batek bizi ditzakeen arazoak islatzen ditu.