Itxi

telebista

Amaiera Gala

Karlos Arguiñano eta 'El Lector de Huesos' saritu dituzte FesTValen

EITB

Sukaldariak EiTB Saria golardoa jaso du, eta ETB2ko saioak, FesTVal jaialdiaren sari berezia.

1:24

FesTVal jaialdiak Amaiera Gala ospatu du gaur, irailak 9. Bertan jaso du Karlos Arguiñano sukaldariak EiTB Saria, telebistan izandako ibilbidea goraipatzeko golardoa, hain zuzen. Gainera, FesTValek 'El Lector de Huesos' ETB2ko programari eman dio aurtengo sari berezia.

ETBk EiTB Saria banatzen du urtero-urtero FesTValeko Amaiera Galan. Ibilbide profesionalaren uneren baten Euskal Telebistatik igaro diren pertsona azpimarragarriak omentzen ditu sari horrekin. Aurten, Karlos Arguiñanori egokitu zaio EiTB Saria. Sukaldariak ETB1eko 'Hamalau Euskal Sukaldari' saioan ekin zion telebistako ibilbideari. Ondoren, ETB2ra egin zuen jauzi 'Menú del día' saioarekin, 1990. urtean. Halaber, 'Otorduan, Karlos Arguiñano' saioa gidatu zuen euskaraz, ETB1en.

Horren karismak eta izaera umoretsuak Televisión Españolara eraman zuten laster. Ondoren, hainbat hedabidetan aritu da lanean, Telecinco, Antena3 eta Argentinako telebistan, besteak beste.

Hainbat profesionalek jaso dute EiTB Saria, Anne Igartiburu, Pello Sarasola, Karra Elejalde edo Maribi Bilbao ezagunek, esaterako.

Bestalde, 'El Lector de Huesos' saioak jaso du FesTValeko sari berezia. Dani Alvarez kazetariak eta Paco Etxeberria auzitegi mediku eta antropologoak gidatutako saioak bi denboraldi egin ditu ETB2n.

K2000 ekoiztetxearen eskutik, 'El Lector de Huesos' saioak gure historiako krimenik ikaragarrienak gogoratu ditu, Igor Zabaleta eta Teresa Diaz de Basurtoren zuzendaritzapean. ETB2ko saioak (2016ko urriaren 26an estreinatu zen) gizartea astindu zuten hilketa esanguratsuenak aztertu ditu auzitegi medikuntzaren ikuspuntutik. Paco Etxeberria irakasleak analisirako hainbat teknika erakutsi dizkio Dani Alvarezi.