Itxi

telebista

12:00etan

Aktualitatearen analisiarekin itzuliko da 'En Jake' ETB2ko goizetara

EITB

Xabier Lapitzen eskutik, gaur hasiko du laneko urte berria, 12:00etan.

'En Jake' saioak aktualitatearen analisia egingo du goizero ETB2n. Emanaldiak gaur eguerdian hasiko dira, eta Xabier Lapitz kazetariak zuzendu eta aurkeztuko du, astelehenetik ostiralera, zuzenean, 12:00etatik 14:00etara.

Iritzi eta solasaldirako saioak hirugarren denboraldiari ekingo dio, egun-eguneko politika gaien analisian erreferente bihurtuta. Halere, analisirako gai zerrenda zabalagoa izango dute etapa berri honetan, eta kutsu sozialeko hainbat gai eta albiste landuko dituzte. Euskal herritarren interesak gertuagotik ukituko dituzten gaiak izango dira.

Solaskide eta adituen mahai-ingurua gidatuko du Lapitzek egunero, eta egun-eguneko gai politikoak eta albiste nabarmenenak aztertuko ditu beraiekin. Kolaboratzaileen artean, hedabideetako kazetariak eta alderdi politiko zein erakunde eta gizarte taldeetako ordezkariak egongo dira.

Azkeneko ordua erredakziotik zuzeneko konexioa eginez helduko da, Blanca Saez kazetariaren eskutik. Une oro gertatzen ari denaren berri emateko leihoa izango da. Erreportaje eta bideoak modu arin eta erraz batean kokatuko dute gai bakoitza.

Astelehen honetako saioak urriaren 1eko hitzorduaren aurretik Katalunian izan diren azken mugimenduak eta erantzunak aztertuko ditu. Gainera, Nagua Albak Euskadiko Podemos-Ahal Duguren idazkaritza nagusia uzteko arrazoiak eta ondorioak azalduko ditu 'En Jake' saioaren platoan. Amaitzeko, Navaleko egoera sakon aztertuko dute. Iñaki Anasagasti, Diana Urrea, Andoni Unzalu eta Eduardo Portero arituko dira solasean.