telebista
Kirolak zuzenean
Ama Zuria Torneoko bigarren finalerdia, gaur, zuzenean, ETB1en
A.A. | EiTB
Espainiako Traineru Txapelketa eta Euskadiko Sega Txapelketako finala ere eskainiko dituzte ETB1ek eta eitb.eus-ek.
Ama Zuria Torneoko bigarren finalerdia izango dugu ikusgai gaur ETB1en eta eitb.eus-en. Bertan, Ezkurdia-Rezusta eta Altuna III-Merino II bikoteak neurtuko dira. Jaialdia 17:00etan hasiko da, Mendizabal-Tolosa / Peña-Etchegoin norgehiagokarekin. Hirugarren partidan, Elordi-Erostarbe eta Bakaikoa-Erasun bikoteak izango ditugu aurrez aurre. Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Elena Azpeitiak egingo dute kontakizuna.
Pilotaren aurretik, 16:00etan, herri kirolen tartean, goizean Asteasun jokatutako Euskadiko Sega Txapelketako finalaren berri emango du Juanan Legorburuk, Miguel Mari Jauregi lagun duela.
Goizean, 12:00etan, Castro Urdialesen jokatuko den Espainiako Traineru Txapelketa eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek. Mikel Olazabalek gidatuko du emanaldia, Ibon Gaztañazpirekin eta Sara Gandararekin batera.
Igandeko kirol eskaintza osatzeko, bi emanaldi izango ditugu ETB4n: Eskuzko Pasakako Gipuzkoako Txapelketako finala, 12:00etan, eta zesta-puntako Lekeitioko Sariko finala, 20:30ean. ETB4n ez ezik, eitb.eus-en ere jarraitu ahal izango ditugu biak.