Itxi

telebista

Astelehenean

Dieta begetarianoa eta orojalea, aurrez aurre, gaur, 'Menos es Más' saioan

EITB

Elikatzeko ditugun modu ezberdinez arituko dira. Alde batetik, dieta begetarianoa defendatzen dutenekin arituko da eta bestetik, denetarik jan behar dugula argudiatzen dutenekin.

Jaten duguna gara? Zer da hobeto, dieta begetariano bat eramatea ala denetarik jatea? Askorentzat, janaria bizitzako plazerrik handienetakoa da, hala ere, ikuspegi ezberdinak daude elikatzeko ditugun ohituren inguruan. Iñaki Elorzak eta Leire Argandoñak dieta begetarianoa edo dieta orojalea eramatearen alde eta kontrako ikuspuntuak aztertuko dituzte gaur gaueako 'Menos es Más' saioan. Halaber, nutrizionistekin aztertuko dituzte kalean bildutako iritziak.

Bi joerak ordezkatzen dituzten eskualde banatan egongo dira. Alde batetik, Mungialdean, nekazaritza nagusi den zonaldea; bestetik, Urola Kostan, abelgorri-ustiategi gehien dituen Euskal Herriko eskualdea.

Bateko zein besteko herritarrekin mintzatuko dira, baita merkatariekin eta nekazaritzan zein abeltzaintzan lan egiten dutenekin ere. Gainera elikadura baten eta bestearen defendatzaile sutsuekin arituko dira.

Alde batetik, dieta orojalea defendatzen dutenekin egongo dira, munduko biztanleriaren gehiengoaren ordezkari direnak. Denetarik jaten duen jendea da: barazkiak, lekaleak, pasta, arrautzak, haragia eta arraina.

Bestalde bizimodu eta elikadura begetariano edo beganoa eramatea erabaki dutenekin arituko dira. Euren ustetan, barazkiez elikatzeko eginak gara, ez animaliez.

Beraientzat gainera, animaliengandik datozen produktuak baratzetik datozen produktuekin ordezkatzea, mundu jasangarri eta bidezkoago bat lortzeko bidea da. FAO Nazio Batuen elikadurarako erakundearen azken ikerketen arabera, munduko nekazal lurren %70a abeltzaintzarako erabiltzen dira, eta azienda ustiaketa honek negutegi efektuko gasen %14a sortzen du. Datu hauen aurrean, asko dira haragi kontsumoa jaistearen aldekoak, gizakia munduan uzten ari den aztarna ekologikoa murrizteko helburuarekin.

Amaitzeko, bi elikadura aditurekin arituko dira: Nagore Lazarok dieta begetarianoaren aldeko egingo du eta Monica Mellidek dieta orojalearen alde.

'Menos es Más' gaur gauean, emitituko da 22:30etik aurrera ETB2n eta eitb.eus-en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista