Itxi

telebista

22:00etan

Bermeo, Mundaka eta Laga, gaur gaueko 'Itsasontzi Baten'

EITB

Urdaibai aldeko kostaldea ezagutuko dute Ibon Gaztañazpik eta Maitena Salinasek.

0:24
Itsasontzi baten....

Urdaibai aldean izango da gaur gauean 'Itsasontzi Baten' saioa. Bermeo, Mundaka eta Lagako kostaldeak erakutsiko dizkigute Ibon Gaztañazpik eta Maitena Salinasek.

Aste honetan, gainera, ez da umorerik faltako Euskal Herriko ontzirik ezagunenean. Lagan, bi pertsona interesgarri eta xelebrerekin egingo dute topo: Joseba Negugogorrekin eta Pedro Mari Bastegietarekin. Negugogorrek Amaren tratamendua egingo dio Iboni, hobeto sentitu dadin. Pedro Marik, berriz, itsasoko urak 118 mineral dituela esango die, eta itsasoko ura edanez afalduko dute.

Gaviota gas-plataformaren inguruan ere ibiliko dira, eta handik Bermeora hurbilduko dira bertako istorioak ezagutzera, portuan txoko bat duen talde batekin mokadutxoa egiteko. Gero, Maitena saregile batekin egongo da, eta Ibonek hizketalditxoa izango du arrantzale erretiratu batekin eta haren emaztearekin. Arrantza itsasoan eta etxean nola bizi den azalduko digute, eta emakumeen zeregina azpimarratuko digute.

Horrez gain, San Kristobal jaietan murgilduko dira, eta Maitena modu harrigarrian apaindutako kotxe batean sartuko da. Bitartean, Ibonek urpeko arrantza egiteko aprobetxatuko du. Izaro uhartearen inguruan zerbait harrapatzen saiatuko da. Lortuko al du afaria arrantzatzea?

Saioa musikarekin amaituko dute. Ibon eskusoinuarekin eta Maitena panderoa jotzen. Ea nola moldatzen diren.

'Itsasontzi Baten' igandero izaten da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.

us-en.