Itxi

telebista

Ibilbide gastronomikoak

Mutrikun izango da, gaur, 'Historias a Bocados' saioa

EITB

Ander Gonzalez sukaldaria Gipuzkoako herri horretako auzokideekin izango da, haien istorio gastronomikoak entzuteko prest.

Gaurko 'Historias a Bocados' saioan, Ander Gonzalez Mutrikun egongo da, eta hainbat istorio ezagutuko ditu bertako auzokideen eskutik; sukaldearekin lotutako istorioak, hain zuzen ere.

Hasteko, bizitzako lehen itsaspeko esperientzia izango du Anderrek. Javi Aginaga urte luzez egon da buzeoa egiten, eta Anderren urpeko bataioa gidatzeko arduraduna izango da itsaso ondoan dagoen igerileku natural batean.

Ondoren, Juan Yurrita, 150 urte dituen Conservas Yurrita enpresako bosgarren belaunaldiko ordezkaria ezagutuko du. Juanek sorpresa bikoitza prestatu dio Anderri. Bata sukaldearekin lotutako sorpresa izango da, eta algak eta planktona erabiliz egindako kroketak emango dizkio dastatzeko. Bestea, berriz, musikarekin lotuta egongo da; izan ere, Delirium Tremens talde mitikoaren bateria-jotzailea izan zen.

Idoia Mendizabal eta Nahiara Txurruka bazkidea ekintzaile gazteak dira, fruta eta barazki kontserbak egiteko Ondare enpresa sortu baitzuten duela bost urte. Negozio horren atzean dagoen istorioa ezagutuko du Anderrek, eta haien produktu eskaintza handiaren bi espezialitate dastatuko ditu: masusta marmelada eta kalabazin pistoa.

Gure sukaldariak, gainera, egurra nola moztu behar den ikasiko du Ugaitz Mugerza aizkolariarekin, eta baserrian egon ohi diren hiru gairekin sukaldean aritzeko hainbat aholku emango dizkio. Emaitza untxi eta barazkiz egindako arroz saldatsua izango da.

'Historias a Bocados' gaur izango da ikusgai, 20:00etatik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.

-en eta ETB1en.