prentsa oharrak
2010eko udazkena
EITBk programazio berria aurkeztu du Gasteizko Festval jaialdian
E.O.
EITB
"El Conquistador del Aconcagua", "Arratsaldero" magazine berria, albistegiak, kirol emankizun puntakoenak eta betiko saioa arrakastatsuenak izango dira EITBko programazio berriaren oinarriak.
Euskal Irrati Telebistak denboraldi berriko programazioaren aurkezpena egin du Vitoria-Gasteizeko II. Irrati eta Telebista Jaialdiaren barruan. EITB jaialdiko hedabide anfitrioia da hain zuzen ere. Euskal Telebistako aurpegi ezagunak eta EITB Irrati-Taldeko (Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Gaztea eta Radio Vitoria) esatariak bildu dira bertara, aurtengo aurkezle berriekin batera. Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak eta Miguel Angel Idigoras ETBko zuzendariak programazioaren nondik norakoak azaldu ondoren, David de Jorgek prestatutako hamaiketako goxoa dastatzeko aukera izan dute bertaratu diren guztiek.
Udazkeneko eskaintza anitza da: "El Conquistador del Aconcagua" eta "Arratsaldero" saio berriak, albistegi eskaintza zabala, lehen mailako kirol emanaldiak eta bidea egina duten saio ezagunak.
Informazioaren aldeko apustu irmoa
Informazioak ETBren programazioaren tarte zabala hartuko du, orain arteko eskaintza indartuz eta proposamen berriekin.
África Baetak eguerdiko "Teleberri" aurkeztuko du eta Igor Siguero asteburuetan ikusiko dugu Estibaliz Ruiz de Azuarekin batera. Aitziber Fernandezek "Gauberri" gidatuko du eta bere ordez Saioa Martija arituko da berriemaile gaueko "Gaur Egun"ean. "Teleberri"k hirugarren edizio bat izango du gauerdian, Olaia Urtiagaren eskutik.
Vanessa Sanchezek eta Aitzol Zubizarretak gidatzen duten "Egun On Euskadi" albistegia ordu erdi lehenago hasiko da, goizeko 8etan, eta Dani Alvarezek aurkezten duen "Plató 2.0" eztabaida saioak hainbat berrikuntza aurkeztuko ditu. Maddalen Iriarteren "Azpimarra" ETB-1eko iluntzeko albistegiaren ostean izango da ikusgai.
"Mundo.Hoy", "Palabra de Ley" eta "Forum" ohiko saioei beste bat gehituko zaie, "Hora GMT", nazioarteko aktualitatea jorratuko duena, Ana Aizpirik aurkeztu eta zuzenduta.
Gertuko kontuen berri ekarriko du, orain arte bezala, "Euskadi Directo"k. Astelehenetik ostiralera goizeko eta arratsaldeko edizioak Reyes Pradosek eta Miriam Duquek aurkeztuko dituzte, eta asteburuetan arratsaldez egongo da ikusgai Adela Gonzalez gidari dela.
Kirol programazio berria
Euskal Telebistak kirol programazio berria jarri du abian. "Champions League" saioari beste bi programa berri gehituko zaizkio: "Zilarrezko Futbola", Bigarren Mailari eskainita, eta "Gol Festa", Lehen Mailari buruzkoa.
Futbolarekin batera, ETBren kirol programazioaren ardatz nagusiak pilota, saskibaloia, txirrindularitza, herri kirolak eta estropadak izango dira. Horrez gain, beste kirol jarduerei leiho bat zabalduko die astero "Zu Kirolari" saio berriak, eta "Boxeo Izarrak" programak kirol honen jarraitzaileen grina asetzen jarraituko du.
Esku pilotak bere tartea izaten jarraituko du ostiral gaueko eta igande arratsaldeko "ETB Kantxa" saioan, Xabier Euzkitze eta Josean Tolosarekin. Zesta, pala eta erremonteko emanaldiak ostegun gauetan egingo dira "Frontoi Luzea" tarte berrian. Iñigo Aiestaran esatariak jarduera bakoitzeko aditu bat izango du lagun.
Saskibaloiari dagokionez, Euskal Telebistak ACB Liga eta Euroliga txapelketen jarraipen zehatza egingo du Xabier de la Fuente eta Josean Aldalurren eskutik. Euroligako emanaldiak ostegunetan izango dira eta ACB Ligakoak igande goizetan, Asier Arangurenek aurkeztuko duen saioan. Igande bazkalostean "Herri Kirolak" tartea zabalduko dute, Koldo Aldalurrekin, emanaldiak eta erreportajeak eskaintzeko.
Udazken-neguko kirol programazioaren egitura nagusia izango da hau eta udaberri-uda partean, ohi denez, ETBk bertatik bertara jarraituko ditu txirrindularitza hitzordu nagusiak eta estropadak.
Sukaldea eta bazkalostea
"Robin Food" saioa irailaren 6an itzuliko da ETB-2ko programaziora. David de Jorgek sukalde kontuetan bere estilora moldatzen irakatsiko digu, konplexurik gabe eta gozatzen.
"Aspaldiko" magazinaren formula "A2" izango da denboradi honetan. Aktualitatea, emozioa, eztabaida eta entretenimendua izango dira lehen bezala programaren zutabeak. Irailaren 13ean hasiko da. Saioaren nobedadeen artean, galdera eta erantzunekin planteatuko den jokoa izango dugu.
"El Conquistador del Aconcagua"
Ikuskizuna, biziraupena eta goren mailako lehia dira "El Conquistador del Aconcagua" reality-aren osagai nagusiak. Urrian estreinatuko da saioa, Julian Iantzik aurkeztuta. Amerikako mendi garaienera igotzea izango da parte hartzaileen erronka nagusia, Juanito Oiartzabal gidari dutela. Oraingoan ere "El Debate de El Conquistador" eztabaida saioa emango da astero, lehiaketaren nondik norako guztiak ikusleengana hurbiltzeko, Iñaki Lopezek aurkeztuta.
"Uyyyyy!" Oscar Terolek zuzendu eta aurkeztutako saioa irailaren 20an izango dugu berriro ETB-2n. Kirola du oinarri eta futbola kirolen artean zutabeetako bat, umorea egiteko aitzakian. Umorea da, dena den, saioaren ardatza eta aktualitateko edozein gairi umorea egiteko tira egitea da xedea.
15 urte betetzen ditu aurten Felix Linaresek aurkezten duen "La Noche de..." saioak. Etenik egin gabe arrakastaz eusten dio Hollywoodeko kontuak kontatzen eta
puntako filmak ematen.
Halaber, "Cine Western", "Siempre Cine", "Cine Éxito" eta "Cine Sin Cortes" dira ETB-2k zineari eskaintzen dizkion beste tarteak. Udazken honetan ikusgai izango ditugun filmeen artean hauek: No es país para viejos, El ultimátum Bourne, Soy leyenda, Diario de una niñera, Asesinato justo, Stardust, El tren de las 3:10, Sigo como dios, Hellboy: el ejercito dorado eta La tumba del Emperador Dragón.
Aurten ere ostegunero "Vaya Semanita"ren umore lotsagabeari eskainiko zaio tartea, irailaren 23tik aurrera. Gaurkotasunezko gaiak izango dituzte ardatz orain ere. Esketxak, imintzioak, satirak eta gonbidatu ezagunak nahastuko dituzte. Hau guztia, tarte, aurpegi eta irudi berri eta sorpresa askorekin.
Bestalde, irailaren 10ean, 22:00etan, "Objetivo Euskadi" hasiko da ETB-2n. Zazpigarren denboraldi honetan ordutegi eta eguna ere aldatzen du saioak, baina izatea eta estiloari eutsiko dio.
Una historia del Zinemaldia
Programazioaren berrikuntzen artean Una historia del Zinemaldia dugu, Diego Galanek zuzendutako dokumental saila. 13 atal ditu. Saiorako bereziki elkarrizketatutako lekukoen gogoetak bilduko dira. Atal bakoitza aktore gazte batek aurkeztuko du. Garai hori ezatugu ez zuten aktore gazteak dira: Barbara Goenaga, Juan Diego Botto, Maribel Verdú, Unax Ugalde, Emma Suárez, Marta Etura, Oscar Jaenada eta Martín Rivas, besteak beste.
Denboraldi honetarako prestatzen ari den beste saio batek kontsumoarekin zerikusia izango du. "Consumidores" izango du izenburua eta ordutegi nagusian emango da. Zerbitzu publikoa izatea da helburua eta urrian emango da ordutegi nagusian. Ricardo Oleaga izango da zuzendaria, urte askotan Eroskiko Consumer aldizkariaren zuzendari izandakoa.
Zuzeneko magazin berria ETB-1en
ETB-1ek apustu handi du ETB-1erako kurtso honetan: "Arratsaldero" saioa izango da.
Izenak berak dioen bezala, ETB-1eko arratsaldeetarako apustu berria da. Arratsaldeko 3etatik iluntzeko 8ak arte, bost orduko magazin klasikoa da, arratsaldero euskaldunen etxeetara hurbilduko dena. Oihan Vegak aurkeztuta, publiko zabalari zuzendua, eduki anitzeko saio honek eguneko gai nagusiak jorratuko ditu, Euskal Herrian gertatu direnei arreta berezia eskainiz, gertutasuna baita saioaren zeinu garrantzitsuena. Esperientzia handiko kazetari eta solaskideak ekarriko dituzte, adituak, kolaboratzaile ezagunak, testigantzak, zuzeneko konexioak... Informazioa eta entrenimendua, biak uztartuko dituzte. Gainera, eguneko gai nabarmenenekin batera, lehiaketek eta sukaldaritzak tarte propioa izango dute.
Irailaren 13an hasiko da "Mihiluze"
Irailaren 13an, astelehena, "Mihiluze"k berriro ere bere ateak zabalduko ditu ohiko ordutegian, astelehenetik ostiralera, gaueko 21:30ean. Lehiaketa, kolore, itxura eta proba berriekin aurkeztuko zaigu.
Urritik aurrera, gainera, haurren programa bereziak ere izango ditugu larunbatetan.
"Goenkale"
Irailaren 27an, gaueko 22:00etan, "Goenkale"ren denboraldiko lehen atala emango da. Alizia eta Germanen ezkontza izango dugu ikusgai atal honetan.
Patxo Telleria, Klara Badiola, Inma Fernández, Joanes Passicot, Iñigo Azpitarte, Mikel Antero eta Ylenia Baglietto dira XVII. denboraldian agertuko diren aktoreetako batzuk.
Gizarte gaiei buruzko eztabaida
Ostegun gauetan Xabier Euzkitzek gizarte gaiei eta aktualitateari buruzko saio berria aurkeztuko du laster: "Anitzele" .
Gainera, ETB-1eko ordutegi nagusian, ''Fringe'' izeneko telesaila emango da. Hirugarren denboraldia egin du dagoeneko AEBean eta Emmy sarietarako izendapen ugari jaso dituen telesail arrakatatsua izango da euskaraz.
"Euskal Zinea"n, bestalde, film onak izango dira ikusgai: Kronokrimenak, Ander, Zorion perfektua eta Casual Day batzuk aipatze arren.
"Kerman, Mintzalagun Bila", "Kresala", "Teknopolis", "Hitzetik Hortzera", "Sautrela" eta "Kalifornia"k, nola ez, lekua izango dute atontzen ari den programazio honetan. "EITB Kultura" kultur leiho eta EITBren kultur marka ere arte abangoardia guztiaren oihartzuna izango da.
ETB-3n du bere lekua haurrentzako programazioak. Goizetik gaueko hamarretara bitartean gaztetxoen serie kuttunenak topatu daitezke bertan. Hain zuzen ere, Festval-ak irauten duen bitartean, Guridi zine aretoetan izango da ikusgai ETB-3ko haur programazioa.