telebista
Txirrindularitza
Mendeurreneko Giroa, zuzenean, ETBn eta eitb.eus-en
EiTB
Maiatzaren 5etik 28ra jokatuko den lasterketa egunero izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.
Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du Sardinian hasi eta maiatzaren 28an Milanen amaituko den Italiako Giroaren 100. edizioa. ETB1ek eta eitb.eus-ek arratsaldero egingo dute bat lasterketarekin, 13:05ean. 'Gaur Egun' albistegiak irauten duen ordubetean emanaldia ETB4ra pasatuko da. Fermin Aramendik egingo du gidari lana, Xabier Usabiaga eta Alfontso Arroio lagun dituela.
Aurtengo Italiako Giroa, oro har, menditsua izango da. Lau etapa mendatean bukatuko dira, baina Bormion amaituko den 16. etapa ere nabarmentzekoa da. 227 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek, eta ibilbidean Mortirolo beldurgarria (aurten hil berri den Scarponiren izena jarriko diote) eta Stelvio (Giroko mendaterik garaiena) igo beharko dituzte.
Erlojupeko bi etapa izango dira: 39 kilometro inguruko bat eta 28 kilometroko bat. Bigarren hori azken egunean egingo da, Milanen, eta irabazlea erabakitzeko balioko du agian.
Parte-hartzaileei dagokienez, txirrindulari handiak ibiliko dira bertan, sailkapen nagusiari begira. Besteak beste, Nairo Quintana eta Vincenzo Nibali (aurretik ere Giroa irabazitakoak biak), Thibaut Pinot, Adam Yates, Tom Dumoulin, Geraint Thomas, Bauke Mollema eta Steven Krujswijk (iaz garaipena lortzeko zorian egon zen).
Guztira zazpi euskaldun arituko dira aurten bertan: Mikel Landa (orain bi urte podiumean izan zen arabarra), Omar Fraile, Igor Anton, Gorka Izagirre, Victor de la Parte, Pello Bilbao eta Julen Amezketa.
Italiako Giroaren 100. edizioa, egunero, 13:05ean, ETB1 eta eitb.eus-en.