Itxi

telebista

Kirol emanaldiak

Buruz Buruko Txapelketako Urrutikoetxea-Ezkurdia, gaur, zuzenean

A.A. | EiTB

Surf, erremonte, triatloi eta herri kirol emanaldiek osatuko dute igandeko kirol eskaintza.

Kirol eskaintza bete betea dakar Euskal Telebistak igandeko honetarako: Buruz Buruko Txapelketako Urrutikoetxea-Ezkurdia partidarekin batera, surfa, erremontea, triatloia eta herri kirolak izango ditugu.

'ETB Kantxa' saioa zuzenean emango da Bilboko Bizkaia pilotalekutik 17:00etatik aurrera (ETB1 eta eitb.eus). Bertan jokatuko da Buruz Buruko Txapelketako norgehiagoka Mikel Urrutikoetxea eta Joseba Ezkurdia artean. Aurretik, Victor-Ibai Zabala eta Laso-Imaz izango dira aurrez aurre. Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Elena Azpeitiak egingo dute kontakizuna.

12:00etan (ETB1 eta eitb.eus), 'Oreka' saioaren barruan, bi erreportaje eskainiko dira: bata, Zarautz Pro 2017 surf txapelketari buruzkoa; bestea, Mooloolabako Triatloiari buruzkoa. Jon Ander Gorospe eta Xabier Ormazabal izango dira esatariak, hurrenez hurren.

16:00etako herri kirolen tartean (ETB1 eta eitb.eus), Arria V.aren marka saiakeraren berri emango dute Juanan Legorburuk eta Joxe Etxebestek. Azpeitiko zezen plazan du hitzordua, igande goizez, eta egin beharreko lana hau da: 20 kanaerdiko moztu eta 20 km korrikan.

Amaitzeko, erremonteko Sagardoaren Txapelketako finala izango da ikusgai: Urriza-Azpiroz / Otaegi-Ion. Emanaldia ETB4n eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango da 12:00etatik aurrera Iñigo Aiestaranen eta Manuel Arrizabalaga Matxinen kontakizunarekin.