Itxi

telebista

Zuzenean

San Prudentzioko danborrada eta erretreta, gaur, ETB1en eta eitb.eus-en

A.A | EiTB

Imanol Artolak emango du bi ekitaldien berri zuzenean.

0:20

Urtero legez, EiTBk bat egingo du Gasteizko San Prudentzio jaiekin, eta zuzenean emango ditu jaiegun handiaren bezperan egingo diren erretreta eta danborrada. Emanaldia zuzenean jarraitu ahal izango da ETB1en eta eitb.eus-en, Imanol Artolaren kontakizunarekin.

Erretreta 20:55ean izango da, Probintzia plazan. Arabako Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko tronpetari eta atabalariek joko dute Aldundiaren jauregiko balkoitik. Joaldien artean Algara dantza taldearen koreografiez gozatzeko aukera izango dugu. Gasteiz Big Band taldearen musika izango dute lagun.

San Prudentzioren erretretak Erdi Aroan Gasteiz harresi ostean bizi zen garaian egiten zen dei militarra gogorarazten du. Hiriko ateak itxiko zirela iragartzen zuten.

Danborradaren emanaldia 23:25ean hasiko da. Gasteizko gastronomia elkarte ezberdinetako sukaldari eta soldaduek osatutako tropa Probintziako Jauregian bilduko da. Danborrak eta upelak hartuta, Erdi Aroko hirigunean eta erdialdeko kaleetan barrena abiatuko dira fanfarreen musikarekin batera. 'San Prudentzio martxa' ez ezik, beste hainbat doinu ezagun entzun ahal izango ditugu: 'Gasteizko balsa', 'Gasteizko danborrada', 'Arabako martxan', 'Tolosan inauteriak', 'Ingurutxoa' eta Alavesen ereserkia, besteak beste.