prentsa oharrak
Urtemuga
Ospakizun berezia 'Goenkale'ren 3.000garren atalaren karietara
A.A.
EITB
Telesailean lanean aritutako aktore eta profesionalen bilkura honetan, urtemugarako Jabi Elortegik egin duen dokumentala eta atalaren pasarte bat erakutsi dituzte.
ETB-1eko "Goenkale" telesailak ekitaldi batekin ospatu du astelehen honetan 3.000 atal bete izana. 16 urteotan lanean aritutako aktore eta profesionalak Biboko egoitzako Multibox aretoan bildu dira une gogoangarri hau elkarrekin ospatzera. Bide batez, urtemugarako propio Jabi Elortegik egin duen dokumentala eta 3.000garren atalaren pasarte bat ikusteko parada izan dute.
EITBren Bilboko egoitzan izan dira, besteak beste, Ainhoa Aierbe, Aintzane Gamiz, Aitor Beltran, Ane Aseginolaza, Anuska Lasa, Arantxa Gurmendi, Asier Hormaza, Fede Badiola, Felix Arkarazo, Idoia Uranga, Ikerne Goikoetxea, Iñaki Beraetxe, Iñaki Perurena, Itziar Gomez, Itziar Ituño, Jon Gaubeka, Joseba Olagarai, Jox Berasategi, Joxe Cruz Gurrutxaga, Susana Soleto, Kepa Errasti, Kiko Jauregi, Loli Astoreka, Maite Arrese, Maite Bastos, Manex Rekarte, Manu Elizondo, Mikel Laskurain, Miren Gojenola, Naroa Agirre, Olatz Beobide, Reyes Moleres, Teresa Calo, Tessa Andonegi, Txema Regalado eta Zorion Egileor.
Lehengo eta oraingo aktoreen lekukotasunak kateatuz "Goenkale"ren 16 urteotako historia osatu du Jabi Elortegik. Beste proiektu batzuetan murgildu diren aktoreak: Gorka Otxoa, Barbara Goenaga, Miren Ibarguren, Alberto Berzal...; oraindik "Goenkale"n dihardutenak: Iñigo Larrinaga, Ainhoa Aierbe, Joseba Usabiaga, Jose Kruz Gurrutxaga...; pertsonaia kutunak hezurmamitu dituztenak: Maite Bastos (Margari) eta Arantxa Gurmendi (Hortentsi); Perurena aita-semeak, Anabel Arraiza... Bakoitzak bere esperientzia gogoratu du, grabazioak nolakoak ziren, ikus-entzuleen artean izandako harrera, bitxikeriak...
Dokumentalaren aurretik, 3.000garren atalaren pasarte bat erakutsi dute EITBren Bilboko Multibox aretoan. Atal honen grabazioa berezia izan zen, telesailaren jarraitzaileek streaming bidez ikusteko aukera izan zutelako eitb.com webgunean eta hainbat komunikabide ere Miramonera hurbildu zirelako ekoizpen lana bertatik bertara ezagutzeko.
3.000garren atalera iritsi arteko bidean "Goenkale"ren jarraitzaileek izan duten garrantziaz jabetuta, eurei ere ekitaldian egoteko gonbita luzatu zaie eta Bilbora etortzerik izan ez dutenek streaming bidez jarraitu ahal izan dute bertan jazo den guztia eitb.com-en.
Uztailaren 5ean telebistan
"Goenkale" 3.000 eta Jabi Elortegik zuzendutako dokumentala datorren uztailaren 5ean izango dira ikusgai ETB-1en gaueko hamarretan.
Pausokak ekoiztutako telesailaren 16. denboraldia amaitzear da eta trama nagusiak puri-purian daude. Aitorrek Abel eta Lukasen aurkako borrokan jarraitzen du, baina gauzak ez zaizkio ondo aterako. Aliziak ere buruhausteak besterik ez ditu: German eta Maite elkarrekin daudela uste du eta bere aitarekin lotura duen dei batek kezkatuta utziko du.
Kevinek Neda, Tximistaren emaztea izango dena, ezagutuko du azkenean. Ustekabe galanta hartuko du aurrez aurre ikusten duenean. Eta Andonik, berriz, Klaudiak norekin engainatzen duen jakingo du.
Telesail beteranoena
Euskal Telebistarentzat Pausokak ekoiztutako telesailak 1994ko urriaren 3an ekin zion bideari. Erronka handia izan zen ETBrentzat proiektu hau martxan jartzea, eguneroko fikziozko telesaila egitea hain zuzen ere, garai hartan Espainiako Estatuan ez baitzegoen horrelakorik. Drama, komedia eta intriga nahasketa da telesailaren arrakastaren giltzarrietako bat. Ikus-entzule leihalek zintzo jarraitzen diote urtez urte "Goenkale"ren istorioei.
Euskal aktore harrobi emankorra ere izan da "Goenkale" telesaila. Urte hauetan guztietan 400dik gora aktorek hartu du parte bertan, eta gizarte eta kultur arloko pertsona ezagunak ere agertu dira tarteka: sukaldariak, kirolariak, telebista aurkezleak, musikariak, idazleak, bertsolariak... Azkenak Irujo eta Beroiz pilotariak, Edune Pasaban mendizalea eta Ainhoa Cantalapiedra musikaria izan dira.
2007an ATV Telebista Zientzien eta Arteen Akademiak, bere hamargarren urteurreneko galan, Bizitza Luzeenaren Sariarekin gailendu zuen "Goenkale". Telebistaren historiako fikziozko telesail luzeena eta hamarkada horretan Euskal Telebistako saiorik nabarmenena zela nabarmendu zuen ATVk. Halaber, 2003an Mañe i Flaquer Kazetaritza sariak emandako aipamen berezia lortu zuen Tarragonako Torredembarra herrian, kulturaren esparruan egindako lanagatik.
Telesaila Euskal Telebistaren Miramongo estudioetan eta Tolosako kaleetan grabatzen da.
&' || 'nbsp;