telebista
Sariak
Agifesek ETBko 'Ahora' eta Euskadi Irratiko 'Faktoria' saritu ditu
A.E.|EiTB
Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteak EiTBko bi saioak nabarmendu ditu 2016ko Kazetaritza eta Buru Osasuna Sarietan.
-
Argazkia: Agifes
Agifes Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteak ETBko 'Ahora' saioa eta Euskadi Irratiko 'Faktoria' irratsaioa nabarmendu ditu 2016ko Kazetaritza eta Buru Osasuna Sarietan.
ETB2n arratsaldero eskaintzen den 'Ahora' saioaren azaroaren 15eko atala nabarmendu dute telebistaren sailean. Bertan, buruko gaixotasuna duten hainbat lagunen esperientzia jorratu zuten. Adela Gonzalezek aurkeztutako saioak gaia lantzerakoan erakutsitako sentsibilitatea hartu du kontuan Agifesek saria emateko. Halaber, buruko gaixotasunetan adituek informazioa eman eta esperientziak azaltzeko saioak zabaldutako tartea hartu zituen kontuan.
Agifeseko sentsibilizazio batzordeak erakundeari eskainitako denbora eta arreta baloratu ditu. Orobat, saioaren ikuspegia eta kaltetuei ahotsa emateko interesa baloratu du bereziki. Gisa honetako saioek, euren aburuz, buruko osasunaren ikuspegia osatzen eta zabaltzen laguntzen dute, ikuspegi partzial eta sarritan estigmatzaileak saihestuz.
Irratiaren sailean, Agifesek Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioa eta Igotz Alkorta kazetaria nabarmendu ditu urriaren 24an ekonekazaritza lantzen duen Karabelgo etxaldeari buruz egindako erreportajearengatik. Blaseneak, Kimu Batek eta Agifesek sustatutako proiektua da Karabel. Irratsaioak buruko gaixotasunekiko agertutako ardura eta osatzeko esperientziei eta taldeari eskainitako tartea eta arreta izan dituzte kontutan saria ematerakoan.
Horrez gain, prentsa idatzian Macarena Tejadak Diario Vascon Maria Diaz de Cerio Agifeseko kideari egindako elkarrizketa nabarmendu dute.
Hirugarren urtez jarraian ospatutako lehiaketaren helburua, buruko gaixotasunei eta buruko osasunaren tratamendu egoki eta arduratsua eskaintzen duten kazetaritza lanak gailentzea da.