Itxi

telebista

Abenduak 3

Euskararen Egunarekin bat egingo du EiTBk gaur

A.A. | EiTB

ETB1ek eta eitb.eus-ek goizean, Bilboko Guggenheim Museoan egingo den ekitaldi instituzionala eskainiko du zuzenean, eta gauean, 'Gure sor lekuaren bila' dokumentala.

3:08

EiTBko medio guztiek bat egingo dute gaur , abenduak 3, ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunarekin. Zer egin dezaket nik euskararen alde lelopean, ekitaldi instituzionala egingo da Bilboko Guggenheim Museoan. Ekitaldi hau zuzenean jarraitu ahal izango da, ETB1en eta eitb.eus-en, 11:30etik aurrera. Halaber, Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik ekitaldiaren jarraipen informatiboa egingo dute. Gainera, Radio Euskadiko 'Más Que Palabras' saioa Guggenheimetik egingo dute larunbatean bertan.

Euskal Herri osoan ospatuko da Euskararen Eguna, eta 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek horren berri emango dute eguerdiko zein gaueko edizioetan.

Bestalde, ETB1ek, 21:00etan, Gure sor lekuaren bila dokumentala eskainiko du. Josu Martinez zinemagileak egindako ikus-entzunezkoa da. 1956an, Hazparnen, ikusmira handiaren erdian, Euskal Herriari buruz euskaraz egindako dokumental amateur bat estreinatu omen zen. Hurrengo hilabeteetan Parisen, San Franciscon edo eta Dakarren proiektatu arren, haren arrastoa misteriotsuki desagertu eta denek ahaztu egin zuten. 60 urte geroago, Josu Martinez haren bila hasiko da.

JELP - Jardun Elebiduneko Liburuxka Praktikoa

Euskararekin lotuta, azpimarragarria dugu EiTBko Euskara Zerbitzuak herritarren eskura jarri duen tresna bat: JELP - Jardun Elebiduneko Liburuxka Praktikoa. Eguneroko lanak eta zereginak euskaraz egin nahi dituzten EiTBko langileentzat sortutako tresna da berez, baina orain eskuragarri izango dute herritarrek eitb.eus webgunean.

EiTBren 2013-2016ko euskara-planaren emaitzetako bat da hain zuzen ere liburuxka hau, EiTBren barruko lan-prozesuak euskaraz egin daitezkeela bermatzeko helburuz prestatu dena. Izenean bertan, hitz-jokoa bilatu da, testu bat baino gehiago EiTBko langileei laguntzeko tresna bat dela azpimarratzeko.

Horrelako baliabide bat sortzeko egitasmoa EiTBren 2013-2016ko euskara-planean jaso zen, eta, lantzen hasi zen unetik bertatik, EiTBko arlo guztiak izan dira kontuan. Telebistako, irratiko eta Interneteko programak eta edukiak ez, jakina, euren hizkuntza-tratamendu propioa dute eta.

JELP liburuxkan, bi parte bereiz daitezke. Lehenengoan, euskararen eta gaztelaniaren erabilerarako jarraibideak ematen dira: emailak zelan idatzi behar diren, zelan erantzun behar den telefonoan, zer hizkuntzatan prestatu behar diren aktak, eta abar. Bigarren partea zazpi eranskinek osatzen dute, eta euskara (eta gaztelania) erabiltzeko laguntzak jasotzen dira. Eduki hauek aurki daitezke eranskin bakoitzean:

I. eranskina - Idazkera laua erabiltzeko gomendioak: zelan sortu korapilorik gabeko testuak, ulertzen errazak.

II. eranskina - Batzarrak euskaraz egiteko jarraibideak: euskaraz guztiz ondo moldatzen ez diren pertsonak daudenean, zelan jokatu ez dadin egon gehiengoaren hizkuntza aldatzeko derrigorra.

III. eranskina - Hizkuntza-baliabideak: euskaraz lan egiten dutenentzat zer hizkuntza baliabide dauden, hala nola, hiztegiak, zuzentzaile ortografikoa, e. a.

IV. eranskina - Aktak prestatzeko eredua, euskaraz.

V. eranskina - Email eta gutunetako esamoldeak: hasierako eta amaierako agurrak, ohiko esaldiak, eta abar, euskaraz eta gaztelaniaz.

VI. eranskina - EiTBren terminologia: EiTBrekin loturiko testuak prestatzen direnean enpresa osoan berdin erabili behar diren terminoak, euskaraz eta gaztelaniaz.

VII. eranskina - EiTBren barruko prozedurak arloz arlo: EiTBko hainbat lan-prozesu deskribatzen dira, eta prozesu horietako emaitzak zein hizkuntzatan zabaldu behar diren zehazten da.