telebista
Iris Saria
Felix Linaresek aurkezle onenaren Iris saria jaso du
Eitb.eus
Telebista autonomikoaren aurkezle onenaren sailean eman dio saria Telebistako Zientzia eta Arteen Akademiak EiTBko kazetariari, Aranjuezen izandako sari-banaketan.
Felix Linares 'La Noche De...'ko aurkezleak Iris saria jaso du telebista autonomiaren aurkezle onenaren sailean. Eva Gonzalez "MasterChef" saioko aurkezleak eta Samantha Vallejo-Nagera eta Pepe Rodriguez saio bereko epaimahaikideek eman diote Linaresi saria. Telebistako Zientzia eta Arteen Akademiak urtero ematen dituen golardoak dira Iris sariak, eta Aranjuezeko Gran Casinoan banatu dituzte.
Horrela agurtu ditu aurkezleak zinemazaleak saria eskuan zuela.
Félix Linares saluda a los cinéfilos #PremiosIris @eitb Mejor Presentador Autonómico pic.twitter.com/5vDQvhGwAf
? PremiosIris (@PremiosIris) 23 de noviembre de 2016
Kazetari bilbotarra zinemazale amorratua da, eta literatura, musika eta komikiak ere asko atsegin ditu. 50 urte daramatza irratian lanean eta 21 telebistan.
Herri Irratian hasi zuen bere ibilbidea 1966an. 1980tik 1984ra TVEko 'Telenorte'n aritu zen. 1984az geroztik, Radio Euskadin ari da. Bi dira gaur egun eskuartean dituen irratsaioak: 'Iflandia' eta 'Pompas de Papel'. Bietan Kike Martinekin batera aritzen da.
'Iflandia'k kultur munduan murgiltzen gaitu, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko hiruretatik lauretara bitartean. 'Pompas de Papel' saioa klasiko bat da Radio Euskadin. 1987tik egiten den irratsaioak literatura du ardatz. Asteroko nobedadeak biltzeaz gain, idazleen lana gertutik ezagutzera ematea dute helburu Felix Linaresek eta Kike Martinek.
'La Noche de...' asteartero, etenik gabe
Felix Linaresen irrati ibilbidea telebistakoaren batera joan da. 1986an hasi zen Euskal Telebistan, eta geroztik hainbat programa egin ditu: 'El Ladrillo' (1986), 'Va de Cine' eta 'La Noche De...', 1995garren urtetik asteartero, etenik gabe, emititu den zine saioa.
Felix Linaresek ETB2n aurkezten duen magazina, ordutegi nagusian denbora gehien eman duen saioa da Estatu mailan. Azken 20 urteetan Felix Linaresek ez dio bere asteroko hitzorduari hutsik egin. Zinemaren munduko daturik harrigarrienak, istoriorik dibertigarrienak eta pasadizo eta bitxikeria paregabeak kontatu dizkigu. Horrela, ikus-entzuleen babesa bereganatu du, ETB2ko erreferentziazko saio bihurtu da.
'LND'ren ibilbide oparoagatik Gasteizen egiten den FesTVal telebista jaialdiaren saria jaso zuen Felix Linaresek 2014an. Aurretik, 2003an, GECAren (Gabinete de Estudios de la Comunicación Audiovisual) sariarekin nabarmendu zuten.
Bestalde, 2001ean Huelvako Zinemaldiko lehen edizioko epaimahai kide izan zen, eta 2003an Kataluniako editoreek Atlantida saria eman zioten irakurzaletasuna sustatzeko egindako lanagatik.
Nabarmendu beharra dago, halaber, Felix Linaresek eta David Erauskin 'La Noche De...'ko gidoigileak Cocine liburua argitaratu zutela 2005ean, zinema eta sukaldaritza uztartzen dituena.