Itxi

telebista

22:30ean

'Lasa eta Zabala' filma, gaur gauean, 'LND' saioan

A.H. | EITB

Saioan, gainera, 'Game of Thrones' telesailaren agertokiak eta Disney etxeko filmetan neskek izandako paperak aztertuko dituzte.

Gaur gauean, 'LND'k Lasa eta Zabala filma estreinatuko du ETB2n. Joxi Zabala eta Joxean Lasa gazteen tortura eta hilketa kasuan oinarritutako pelikula Pablo Malok zuzendu zuen. Gertakarien 33. urteurrenean, 'La Noche de...'k kasua gogoratuko du. Unax Ugalde du protagonista, eta gertatutakoa errealismo handiz jasotzen du filmak. Felix Linaresek filmazioaren eta bertan parte hartzen duten aktoreen inguruko xehetasunak ekarriko dizkigu emanaldiaren aurretik.

Bestalde, 'Game of Thrones' telesaila Zumaian grabatzen hasiko direla hizpide hartuta, HBOren ekoizpenak penintsulan izan dituen gainerako agertokien errepasoa egingo dute.

Horrez gain, zinema-aretoetan arrakasta handia izan duen Un monstruo viene a verme filmeko aktoreetako bat, Felicity Jones, hartuko dute protagonista. Erradiografia egingo diote, haren bizitzaren eta ibilbidearen hainbat datu bitxi ezagutzera emanez.

Amaitzeko, Neskatilaren Nazioarteko Eguna ospatuko du astearte honetan Unicef erakundeak. Horren harira, Disney etxeko pelikuletan neskatilek zein gaizki pasatzen zuten azalduko dute Políticamente incorrecto atalean.

'La Noche de... Lasa eta Zabala' gaur izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.