telebista
16:30ean hasita
'¡Qué Me Estás Contando!' magazin berria estreinatuko du gaur ETB2k
A.E.|EiTB
Adela Gonzalezek, Klaudio Landak eta Ion Garamendik zuzenean gidatuko dute aktualitatea, gertuko informazioa eta herritarren intereseko gaiak ardatz izango dituen saioa.
ETBk '¡Qué Me Estás Contando!' arratsaldeko magazin berria eskainiko du gaurtik aurrera, arratsaldero, 16:30etik 20:00etara. Asmo handiko saioa Adela Gonzalezek, Klaudio Landak eta Ion Garamendik osatutako hirukoteak aurkeztuko du. Eskarmentu handiko profesionalak dira hirurak, eta ilusioz gainezka ekingo diote erronka berriari. Entretenimendua eta informazioa izango ditu ardatz nagusi, eta dozena bat tertuliakide eta kolaboratzaile izango ditu hainbat ataletan.
Hiru set
Plato zabal eta argiak lau orduko saioa hartuko du, zuzenean, arratsaldero. Denetariko edukiak eta gaiak aztertuko dituzte platoaren hiru setetan. Platoaren alde batean, adibidez, talkie edo solasaldia izango dute, eta kalean bolo-bolo dauden gaiei modu dibertigarri eta entretenigarrian jarriko diote arreta bertan. Hartara, kolaboratzaileak, testigantzak, zuzeneko konexioak, erreportajeak eta platoko publikoaren parte hartzea izango dira magazinaren toki horretan. Besteak beste, bizitza-estiloarekin, elikadurarekin, estetikarekin eta osasunarekin zerikusia duten gaiek ere tartea izango dute.
'¡Qué Me Estás Contando!' saioak gertuko informazioari egingo dio lekua platoaren beste alde batean. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik, lau erreportarik zuzenean kontatuko dizkigute aktualitatearekin lortutako gaiak eta herritarren kezka iturri nagusi direnak. Are gehiago, euren kezkak eta zalantzak azaltzeko aukera emango die saioak herritarrei, eta hainbat aditu egongo dira platoan bertan, aholkuak emateko.
Iritzi guztiek izango dute lekua platoan
Magazinaren hirugarren atalak aktualitate politikoa izango du ardatz nagusi. Iritzi guztiek izango dute tokia bertan. Kazetari adituak tarteko, sei tertuliakidez osatutako mahaia egongo da egunero. Besteak beste, Onintza Enbeita, José Luis Cuerda, Patxi Lazcoz, Iñaki Anasagasti, Iñaki Soto, Lourdes Pérez, Josean Izarra, Javier Vizcaino, Garbiñe Biurrun, Ana Terradillos eta Alfredo Retortillo bilduko dira bertan.
'¡Qué Me Estás Contado!' astelehenetik ostiralera izango da ikusgai, 16:30etik 20:00etara, ETB2n eta eitb.eus-en, ETBren eta K2000 ekoiztetxearen eskutik.