Itxi

telebista

Dokumentala

'Agirre Lehendakaria' dokumentala grabatu dute Bilbon

A.E.|EiTB

ETBk Jose Antonio Agirre lehendakariari buruzko biografia dokumental berritzailea aurre-estreinatuko du Zinemaldian, irailean.

Egun hauetan, 'Agirre Lehendakaria' dokumentala grabatu dute Bilbon. Minoría Absoluta eta New Digital Media Euskadi ekoiztetxeen koprodukzioa da ETBrentzat, eta Daniel Grao aktoreak Lehendakariaren ibilbide pertsonal eta profesionalean barrena egingo duen ikerketa sakona azalduko du.

Grabazioa Bizkaiko Foru Aldundiko Jauregian egin dute. Agirreren bulego gisa prestatu dute, hain zuzen ere, Aldundiko Bizkaitar Argien aretoa.

ETBk Donostiako Zinemaldian aurre-estreinatuko du dokumentala irailean eta ondoren telebistaz eskainiko  du.

Daniel Grao aktoreak pisu garrantzitsua du produkzio honetan. Graok Lehendakariarena egiteko proposamena jasoko du eta pertsonaiaren geografia pertsonal eta profesionalean barrena murgilduko da, haren funtsezko ezaugarriak topatu eta Lehendakariaren figura ospetsuari giza ukitua ematea da bere asmoa. Hori da proiektuaren abiapuntua, biografia dokumentala berrasmatu duen proposamen berritzailea.

Graorekin batera, Lehendakariaren historia sakon ezagutzen duten adituak daude, baita Lehendakaria pertsonalki ezagutu zuten lankide, familia-kide eta lagunak ere. Aktoreak, ez du interpretatu behar duen pertsonaia ezagutzen. Orokorrean, publikoak ere ez du Agirre Lehendakaria ezagutzen, eta ondorioz, aditu eta lagunekin egindako elkarrizketak, arinak eta dibulgatzaileak izango dira.

Aldi berean, aktoreak Agirre bere ibilbideko momenturik garrantzitsuenetan hezurmamituko du, eta une hauetan, Lehendakariak berak esandako hitzak ere esango ditu. Tarte dramatizatu hauek, artxiboko irudiekin batera josiko ditu dokumentalak, saioari erritmo biziagoa emanez. Gainera, bilaketa prozesuaren helburua zen Aguirreren giza perfila azalduko dute.

Agirre Lehendakaria

Daniel Grao aktoreak egingo duen ikerketak Agirre Lehendakaria sakonean ezagutzeko aukera emango dio, bere bizitza osoaren errepasoa eginez. Txokolate enpresa baten jabe zen Bilboko familia dirudun batean jaio zen, eta gaztetan, Athletic futbol taldean jokatu zuen. 1930ean Getxoko alkate aukeratu zuten 27 urterekin, eta 32 urte bete zituenean historiako lehenengo Lehendakariaren karguaren zina egin zuen.

Gerra Zibilaren bonben azpian, lehen Eusko Jaurlaritzak urte bat iraun zuen bakarrik, eta Agirre, Lehendakari erbesteratua izan zen ia bizitza osoan zehar, 1960ean hil arte.

Gertutik ezagutu zuten pertsonek edo bere ibilbidea sakonean ikertu duten adituek lagunduko diote Daniel Grao aktoreari bilaketa honetan. Horrela, bere biloba Amaiak eta iloba Xabierrek Aguirreren irudi familiarra eskainiko dute eta gehien bat, haren balio etikoen garrantzia azpimarratuko dute. Jose Angel Iribarrek, bere aldetik, Aguirre, futbol jokalari gisa nolakoa izan zen azalduko du.

Iñaki Anasagastik halaber, alkate moduan eta Madrilgo Gorteetan diputatu moduan egindako lana aztertuko du, eta Andoni Ortuzarrek berriz, Gernikan Lehendakariaren karguaren zin egitea nolakoa izan zen azalduko du. Xabier Irujo historialariak gerraren izugarrikeriak eta Bizkaiko herrien gaineko bonbardaketak ekarriko ditu gogora.

1937ko ekainak 19an, Francoren soldaduek Bilbo hiria hartu zutenean, euskal tropak erretiratu ziren, eta Eusko Jaurlaritzak atzerrira ihes egin behar izan zuen. Alberto Santana historialariak ondorengo hilabeteetan Aguirrek bizi izan zuen bidaia pertsonala azalduko du, Paris, Brusela, Amsterdam hirietatik pasa eta Berlinen amaitu zuen. Bertan mozorrotuta eta identitate faltsuarekin bizi izan zen Gestapoa engainatzeko.

Arantzazu Amezagak erbestean ezagutu zuen Lehendakaria, eta Leyre Arrieta historialariak,  herrien Europa berria defendatzen zuen europeista gisa deskribatuko du. Amaitzeko, Gorka Landaburuk bere haurtzaroko oroitzapenak ekarriko ditu gogora, Pariseko erbesteko Eusko Jaurlaritzaren egoitza deskribatzeko.

Daniel Grao, aktore protagonista

Daniel Grao 2001 urtean hasi zen aktore moduan lanean, eta telebistan egin zuen  lehen lana El cor de la ciutat izan zen. Hasiera hasieratik, telebistarako lanak zinean egindako lanekin aldizkatu zituen.

Telebistan, hainbat telesail ezagunetan lan egin du, besteak beste, Hospital Central, El comisario, Amar en tiempos revueltos, Sin tetas no hay paraíso, Los misterios de Laura, Aguila Roja edo Sin identidad.

Zinean, berriz, Pedro Almodovar zinegilearen Julieta pelikula estreinatu berri du. Parte hartu duen beste pelikulen artean, aipagarriak dira:  Acantilado, Palmeras en la nieve, La mula, La flaqueza del bolchevique eta Volverás filmak.

Koprodukzioa

Minioría Absoluta eta New Digital Media Euskadi ekoiztetxeen arteko koprodukzioa da 'Agirre Lehendakaria'. Dokumentalaren alorrean ibilbide luzea duten bi ekoiztetxe dira.

Minoría Absoluta etxearen Suñol, un crit valent eta Buscando a Cervantes saioak biografia dokumentala berritu duten lanak izan dira. Pertsonaia historiko baten paperean sartzeko aktoreak egiten duen ikerketa eta transformazio prozesuak balioa eransten dio dokumentalari.

Bestalde, New Digital Media Euskadi etxearen Todos los apellidos vascos saioak, euskal historian barrena ikerketa sakonak egin ditu eta ETBko erreferentziazko saioa bihurtu da.