Itxi

telebista

Larunbata, ETB1 eta ETB2

Trihas Gebre atleta protagonista, 'BAT To Rio' saioan

A.A. | EiTB

Uztailaren hasieran Amsterdamen jokatuko den Europako Txapelketan parte hartuko aurretik, Rioko Olinpiar Jokoak nola prestatzen ari den azalduko du.

Rio 2016ko Olinpiar Jokoetan parte hartuko duten edo parte hartzeko aukerak dituzten euskal kirolariei buruzko 'BAT to Rio' saioan Trihas Gebre atleta izango da protagonista, 10.000 metrokoan olinpiar diploma lortzeko borrokatuko dena. ETB2n 13:45ean eta ETB1en 21:00etan ikusgai izango den programa jokoetan lehiatzeko aukerak dituzten euskal kirolariei bekak ematen dizkien BASQUE TEAM eta Euskal Telebistaren arteko lankidetzaren emaitza da.

Euskadin bizi den Trihas Gebre atleta (Etiopia, 1990/04/29) 11 urterekin hasi zen korrika eta hiru urte geroago Bank Ethiopia taldearekin fitxatu zuen, bere jaioterriko klub ospetsuenetarikoarekin. Hasiera arrakastatsua eduki zuen eta 17 urterekin Afrikako Junior Txapelketan brontzezko domina eskuratu zuen 3.000 metroko oztopo proban. Baina zoritxarrez, lesio batek bere kirol ibilbidea eten egin zuen ondoren. Lesioak pistetatik at utzi zuen urte eta erdian.

Lehiaketetara itzuli zenean, 'Etiopia Utopia' gobernuz kanpoko erakundearekin etorri zen Donostiara Behobia korritzeko. Horren ostean Ricardo Jimenez prestatzaile eta medikuarekin jarri zen harremanetan bere errendimendua hobetzeko asmoz. Lau urte geroago, egindako lanak fruituak eman ditu; atleta etiopiar-donostiarrak bere lehen Olinpiar Jokoetan parte hartzeko gutxieneko marka (32:14:94) eta 10.000 metrokoan urrea lortu zituen 2015eko ekainean Italian jokatutako Europako Kopan. Gainera, gutxieneko marka egin zuen berriro apirilean Maian (Portugal) jokatutako estatuko txapelketan.

Hamar podium

Trihas Gebrek 2007ko Afrikako Junior Txapelketan lortu zuen bere lehen titulua. Harrezkeroztik, 10 aldiz igo da podiumera, zortziretan urrezko domina lortuta gainera, Espainiako Iraupen Txapelketan, Sari Iberikoan edo Espainiako Kros Txapelketan, esaterako. Rio 2016ko Olinpiar Jokoak dira bere hurrengo erronka, baina horiek heldu aurretik bere burua neurtzeko beste aukera bat izango du uztailaren hasieran (6tik 10era) Amsterdamen jokatuko den Europako Txapelketan.

ko Txapelketan.