Itxi

telebista

Ekainak 29 - Uztailak 10

Smithsonian Folklife jaialdiari jarraipen berezia ETBn

A.H. | EITB

Wasingtoneko kultur jaialdi ospetsuak euskal kultura hartuko du ardatz aurtengo edizioan.

0:29

Aurtengo Smithsonian Folklife Festival Washingtoneko jaialdiak euskal kultura hartuko du ardatz, eta Euskal Telebistak jaialdian ikusi eta biziko den guztiaren berri emango du bertatik bertara. Bi kateetako albistegiek eta 'Sin Ir Más Lejos' eta 'En Jake' saioek eguneroko jarraipena egingo diote jaialdiaren programazioari, eta horrez gain, 'Washington, Ongi Etorri' erreportajea eskainiko da, festibalean bildutako ekimen, egitasmo, erakustaldi eta protagonisten hitzekin.

Ipar Amerikako hiriburuaren kultur jaialdi handienean, Euskadiko balio eta bereizgarri propioak milioika estatubatuarren aurrean erakutsiko dira, eta bi astetan zehar, ekainaren 29tik uztailaren 10era arte, euskal musika, gastronomia, dantza, eta kirola protagonista izango dira Washingtonen. Euskal Herriko 200 partaide baino gehiago izango dira jaialdian eta Estatu Batuetan bizi diren euskaldunek ere bere tokia izango dute.

Smithsonian jaialdia gainera, euskal enpresentzako aukera paregabea izango da. Merkatu amerikarrean harreman berriak sortzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek  sektore ezberdinetako enpresariak lagunduko dituzte Washingtonera. Besteak beste, auto-mozioa, energia, aeronautika eta turismo sektoreetako ordezkariak izango dira bertan.

Jarraipen berezia

Washingtonen gertatuko den guztiaren berri emateko, Mikel Reparaz eta Arantxi Padilla korrespontsalek bat egingo dute ETB1 eta ETB2ko albistegiekin. Horrez gain, Xabier Lapitzek Estatu Batuetako hiriburura bidaiatuko du, eta 'Sin Ir Más Lejos' eta 'En Jake' saioetan zueneneko konexioak eta erreportaje bereziak egingo ditu, bai kulturaren alorrean zein ekonomia eta enpresari dagokionez jaialdiak emango duenaren berri eskaintzeko.

Horrez gain, Xabier Lapitz eta Digytal ekoiztetxearen eskutik, 'Washington, Ongi Etorri' erreportaje berezia eskainiko du Euskal Telebistak. Euskaldunak eta estatu batuarrak lotzen dituzten bitxikeri eta ezaugarrien berri emango du saioak, eta Ipar Amerikako kulturaren garapenean euskaldunek izandako eragina ere aztertuko du.

Erreportajeak gainera, atzera bidaia egingo du, Estatu Batuetara emigratu zuten lehen euskaldunen istorioak ezagutzeko. Ordutik aurrera, gaur egunera arte, bi kultura eta herrialdeen harremanak aztertuko ditu saioak, eta gaur egun, Euskadik eta Estatu Batuek dituzten enpresa eta ekonomia harremanak azalduko dituzte.