Itxi

telebista

22:30ean

'Una Historia de Vasconia' telesaila estreinatuko du gaur ETB2k

EITB

Alberto Santana historialariaren eta Josu Venero zuzendariaren gidaritzapean, ikuspegi kritikoarekin azalduko ditu telesailak Euskal Herriko historiaren hainbat gertakari garrantzitsu.

'Una Historia de Vasconia' telesaila estreinatuko du ETB2k gaur, 22:30ean. Euskal Herriko historiaren gaineko ikuspegi kritiko eta eguneratua eskainiko du saioak, eta gertakariak azaltzeko modu berritzaile honek harrituta utziko ditu ikus-entzuleak.

Josu Venero errealizadoreak eta Alberto Santana historialariak zuzendu eta gidatu duten lan honek ikerketa eta aurkikuntzen munduan barrena bidaia erakargarria egingo du. Zehaztasun historiko zorrotzarekin, iraganeko gertakari nagusien agertokiak eta protagonistak gogoratuko ditu, historiaurretik hasi eta gaur egunera arte.

Azken ikerketak kontuan hartuta, topiko eta gehiengoen sinesmenen inguruko eztabaida irekiari helduko dio saioak. Kondairak desmitifikatu eta gure iraganeko hainbat gertakari ilun argituko ditu.

Telesaila egiteko, alor zientifiko ezberdinetako adituen laguntza izan dute, jorratuko diren gaien inguruko datu berri eta interesgarriak emateko. Bestalde, gure lurraldeko irudi ikusgarriek jantziko dute gure historiaren kontakizun hau.

Gure historiaren berrikusketa, 13 ataletan

'Una Historia de Vasconia' telesailak denboran zehar bidaia harrigarria proposatuko digu 13 ataletan. Kobazuloetako bizitzatik eta Baskoniako antzinako herrien ohitura eta bizimodutik abiatuta egingo du kontakizuna. Besteak beste, lehenengo hirien sorrera, foruen eraketa eta Europako iraultzen indarra aztertuko ditu, Euskal Herriko mugetatik harago bidaiatuz.

Genetika eta arkeologia aurkikuntza berrietan oinarrituta, euskaldunen jatorriaren inguruko zalantzak argitzen saiatuko da, eta hainbat galdera egingo ditu antzinako euskaldunen bizitzaz eta talde izaeraz.

Bestalde, Paleolito garaiko kobazuloetan topatu berri diren margoak eta analisirako teknika berriak baliatuz, gure lurraldeko lehenengo biztanle modernoen gaineko hainbat datu emango ditu.

Erromanizazio aurreko eta ondorengo euskal gizartea eta kristau arokoa nolakoa zen azalduko du, eta lehenengo hirien sorreraren lekuko izango da. Horrez gain, Europako hizkuntza zaharrenaren, hots, euskararen jatorria eta hedapena aztertuko ditu.

VIII. mendean, musulmanen inbasioaren ondorioz, gurean sortu ziren lehenengo dinastia kristauen sorrera ekarriko du gogora. Europatik Santiagora zihoazen erromesei Pirinioetako bidea ireki zitzaien garaia ere bai. Euskaldunak basatiak eta izugarriak zirela azaltzen zuten erromes haiek euren idatzietan. Gainera, euskal sorginkeriaren mitoak edo errealitateak sakon aztertuko ditu.

'Una Historia de Vasconia' saioak Erdi Aroaren amaierako leinu handien arteko gudei eta Nafarroako Erresumaren azken erresistentzia ekintzei ere egingo die tartea. Halaber, gure historiako gertakari garrantzitsuak ekarriko ditu gogora, hala nola, Bizkaiko Foru Berriaren eraketa (lehenengo pribilegioak ahalbidetu zituena) eta Gerra Karlistak.

Frantziako Iraultza ere gogoratuko du, bertan parte hartu zuten euskaldunen berri emanez, eta euskal kostaldera uda pasatzera etortzen ziren Europako aristokraten joera aztertuko du amaitzeko. Moda hark ekarri zuen egungo turismoaren sorrera eta gure kostaldeko herrien bilakaera.

'Una Historia de Vasconia' gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista