telebista
ETB1en eta ETB2n
Lucas Eguibar protagonista, gaur, 'BAT To Rio' saioan
A.A. | EiTB
2015eko Snowboard Crosseko Munduko Txapeldunaren prestaketa ezagutuko dugu aste honetako erreportajean.
-
Lucas Eguibar
Lucas Eguibar donostiarra, iaz Snowboard Crosseko Munduko Kopan gailendu eta Estatu mailan Kristalezko Globoa lehen aldiz irabazi zuena, hartuko du protagonista aste honetako 'BAT To Rio' saioak. Larunbatetan, 13:15ean, ETB2n; eta 21:00etan, ETB1en emititzen den programak Olinpiar Jokoetan egoteko aukera duten kirolariak aurkezten ditu.
Snowboardeko goi mailan aritzeko fisikoki eta mentalki nola prestatzen den azalduko du donostiarrak. Bere ustez "pistan eta lehiaketetan irabazi daitekezkeen dominen gainetik egunerokoan irabazi daitezkeenak daude". Bere burua gainditzeko eta bizitzan hobetzen jarraitzeko bere anaia Nicolasengan du eredu baliagarriena. Koman utzi zuen moto istripu larria izan zuen Nicolasek eta oraindik ere gainditu beharreko arrastoak ditu. Lucasek ondo azalduko du zenbateko garrantzia duen kirol arloan bere familiak ematen dion sostengua. Gurasoekin ikasi zuen Lucasek eskiatzen bi urte zituela.
Eguibar 2013ko munduko txapelduna izan zen junior kategorian, eta urte bat geroago olinpiar diploma lortu zuen Sotxiko Jokoetan. Txanda guztiak irabazi zituen eta bat baino ez zitzaion falta izan finalera iristeko. Pyeongchang 2018an atera beharko du arantzatxo hori. Ordura arte beste helburu batzuk ere baditu: Munduko Kopa berriro lortzea (2016an bi postura geratu da) eta Munduko Txapelketa jokatzeko prestatzea.