telebista
Reyes Pradosekin
'De lo Bueno lo Mejor' saioaren estreinaldia, gaur, ETB2n
A.H. | EITB
Plan eta esperientzia ezin hobeak eskainiko ditu saio berriak larunbat eta igandean, eta gure herri, ostatu eta jatetxeek ezkutatzen dituzten sekreturik preziatuenak erakutsiko ditu.
Euskal Telebistak 'De lo Bueno lo Mejor' izenburupean saio berria estreinatuko du gaur, larunbata. Euskal Herrian zehar, ezezagunak zaizkigun paraje, herri, etxe eta jatetxe berezi eta onenetan barrena murgilduko gaituen goi mailako bidaia paregabea izango da. Reyes Pradosek aurkeztuta, larunbatetan eta igandeetan izango da ikusgai saio berria, gaueko 'Teleberri' albistegiaren aurretik, 20:20an, ETB2n.
Ikus-entzuleek ametsetako tokiak ezagutuko dituzte, istorio ahaztezinak, eta herri eta leku zoragarriak. Bidaia horretan gainera, ez dira faltako sukaldaritza, ostatu eskaintza eta ipuinetatik ateratako pertsonaiak. Ikusi, usaindu, sentitu eta hunkitzeko moduko plan eta esperientzia ahaztezinak izango dira.
Reyesek bisitatuko dituen tokiak bezain garrantzitsuak izango dira leku horietan ezagutuko dituen pertsonak. Haiek kontatuko dizkiote istorio eta gertakari bitxienak eta ondo baino hobeto ezagutzen dituzten toki zoragarri horietatik barrena gidatuko dituzte ikus-entzuleak.
Lehenengo saioak
'De lo Bueno lo Mejor' asteburu honetan hasiko da, eta sorpresaz beteriko bi atal eskainiko ditu. Alde batetik, naturan integratuta dauden ostatu zoragarriak ezagutuko ditu Reyes Pradosek, eta bestetik, bista ederrenak dituzten kalitatezko jatetxeak.
'Una habitación en la naturaleza' izena izango du larunbateko saioak eta euskal geografiako lau puntu ezberdinetan kokatuta dauden ostatu ezin hobeak ezagutuko ditu: naturan integratuta dauden eta historia luzea duten landetxe eta hotel bikainak. Horien artean, Mutrikuko itsaslabarren gainean kokatutako hotela: Valtierrako mendian eraikitako etxe kobazuloak; Laguardiako tokirik onenean kokatutako hotela, mahastiez inguratuta; eta landetxe tradizional bat, Bermeon.
Igandean, 'Una habitación con vistas' atala eskainiko du saioak, eta bista ederrak dituzten lau jatetxe bisitatuko ditu Reyes Pradosek: Uliako begiratokia, Michelin izar bateko jatetxea Donostiako badiara begira; Eneperi jatetxea, Bakion, Gaztelugatxeko San Joaneko bista zoragarriekin; Mesón de Las Torres jatetxea, Uxuen, Nafarroan; eta La Ribera jatetxea, Bilbon.
trong>, Bilbon.