Itxi

telebista

Txirrindularitza

Emakumeen Bira, egunero, ETB1en eta eitb.eus-en

A.A. | EITB

Etapa bakoitzaren laburpena eskainiko dute gauero, eta igandean, azken etapa, zuzenean.

Euskal Telebistak gertutik jarraituko du apirilaren 12tik 17ra bitartean jokatuko den 29. Emakumeen Bira. Asteazkenetik larunbatera etapa bakoitzaren laburpena eskainiko dute gauero, ETB1en eta eitb.eus-en. Igandean, azken etapa zuzenean jarraitu ahal izango da 'Oreka' saioaren barruan.

Alfontso Arroiok egingo du etapa bakoitzaren laburpena, asteazkenean eta ostiralean 21:30ean, eta ostegunean eta larunbatean 21:00etan. Igandean, azken etaparen zuzeneko emanaldia 12:00etan hasiko da. Alfontso Arroiorekin batera, Leire Olaberria eta Sara Gandara arituko dira esatari lanetan.

Sei txirrindulariz osatutako 23 talde izango dira asteazkenean Iurretako irteeran. 3,5 kilometroko erlojupekoa jokatuko dute atariko etapan. Ostegunekoa Eskoriatzan hasi eta amaituko da eta 76 kilometro egin beharko dituzte. Ostiraleko jardunaldia luzeena izango da, 105 km; Etxarrin hasiko da eta Urkiolan amaitu. Larunbateko hirugarren etapak Berriatuan izango du hasiera eta amaiera (109 km). Azken etapa Portugalete-Ballonti izango da, 75 kilometrokoa.

Parte hartzaileen artean egongo dira, besteak beste, Lizzie Armitstead britaniarra, egungo Munduko txapelduna; Evelyn Stevens, orduaren errekorra ezarri duen estatubatuarra; Enma Johanson suediarra, 2013ko Emakumeen Bira eta iazko bi etapa irabazi zituena; Megan Guarnier, iaz Emakumeen Birako etapa bat irabazi eta Giroan eta Mundialean hirugarren postua lortu zituen estatubatuarra; Elisa Longo Borghini, 2015eko Flandriako Tourra irabazi zuen italiarra; eta Nicole Brändli, hiru aldiz Giroa irabazitako suitzarra.

Euskal ordezkarien artean Ane Santesteban eta Eider Merino egongo dira, besteak beste.

besteak beste.