Itxi

telebista

00:30ean

'Europa Transit'en lehen dokumentala, gaur gauean ETB2n eta eitb.eus-en

A.E.|EiTB

Mugaldeko mezuak Ceutako etorkinei buruzkoa da eta migratzaileen ibilbidearen bi aurpegiak islatzen ditu: hiri autonomora iritsi berri direnena, eta dagoeneko Europako hainbat hiritan bizi direnena.

Donostia 2016rekin elkarlanean landutako proiektua da 'Europa Transit', eta gaur gauean jarriko da abian ETB2n Mugaldeko mezuak dokumentalaren emanaldiarekin. Migratzaileen ibilbidearen bi aurpegiak islatzen ditu: hiri autonomora iritsi berri direnena, eta dagoeneko Europako hainbat hiritan bizi direnena.

Autobusez, kontinentetik barrena, Europako XX. mendeko hamar gatazkaren berri jasoko du 'Europa Transit'ek, elkarbizitzarako trantsizioaren kultura sustatzea helburu. Lekukotza eta esperientzia horiek ikus-entzunezko formatuan jasoko dira, bereziki ekipatutako autobusa lantoki bihurtuta eta urte osoa iraungo duen hamar puntuko ibilbidean zehar.

'Europa Transit' enbaxadak, Donostia 2016ren kanpo-ordezkaritza osatzen duten enbaxadetako batek, urtarrilean hasi zuen ibilbidea eta, guztira, gatazkak jasan dituzten eta desberdinen arteko bizikidetzaren lekuko diren Europako hamar hiri bisitatuko ditu. Helmuga bakoitzean dokumental bat grabatuko du gatazkaren egungo egoera islatzeko, betiere, ikuspegi kultural batekin uztartuz.

Mugaldeko mezuak da hamar dokumentalek osatuko duten serie honen lehendabiziko lana, Donostia 2016k Ceutara eginiko bisitaren emaitza. Sergi Camara argazkilariaren erakusketa baten sorkuntza prozesua kontatzen du. Ceutako Etorkinen Aldi Baterako Egonaldi Zentroan (CETI) daudenenei, erakusketa horren bidez, duela urte batzuk trantze bera igarotako etorkinen mezuak helaraziko dizkie.

Gaur, hilak 31 izango da ikusgai ETB2n gauerdian (00:30), eta ETB4n ikusi ahal izango da ere apirilaren 1ean, ostiralean, gaueko 22:00etan. Halaber,  Donostia 2016ren webgunean ere zuzenean ikusteko aukera egongo da.

Hesien gainetik

Sergi Cámara fotokazetariak 10 urte baino gehiago daramatza Europako hegoaldeko mugan lanean eta Mugaldeko mezuak da bere proiektu berria; bertan, duela urte asko kontinente zaharrean bizi diren migranteei argazkiak atera dizkie, eta muga zeharkatu berri duen jendeari mezu bat bidal diezaieten eskatu die. Argazkiak eta mezuak Ceutako Etorkinen Aldi Baterako Egonaldi Zentroan (CETI) jarriko ditu ikusgai; han, 800 pertsona baino gehiago daude Barne Arazoetako Ministerioak Penintsulan sartzeko baimena emateko zain.

Prozesuan zehar Sergi Cámarak «amets europarraren» errealitatea ezagutuko du eta Ceutara itzultzeko aukera izango du. Hiri hori eta Melilla dira, hain zuzen, Espainian sartzen diren paperik gabeko migranteen erdiaren baino gehiagoren ateak. Sergi Cámara Marokoren immigrazio-politikaren gordinkeriaren lekuko izango da, baita urte luzez muga zeharkatzeko une egokiaren zain Afrika iparraldetik bidaiatzen duten milaka migratzaileen babesgabetasunarena ere. Argazkiak CETIren sarrerako horman daude jarrita eta migratzaileen erreakzioa harrigarria bezain hunkigarria da.

'Europa Transit': hamar kontakizun, Europako bizikidetza gogoan

Europa Transit enbaxadak urtarrilaren hasieran hasi zuen bidaia. Gatazken edo desberdinak elkarrekin bizitzeak dakartzan erronken lekuko diren hamar hiri europar bisitatuko ditu: Ceuta, Belfast, Dresden, Wroclaw, Kaliningrado, Pristina, Sarajevo, Plovdiv, Istanbul eta Pafos. Hiri bakoitzean, enbaxadaren taldeak dokumental bat grabatuko du bizikidetzaren eta elkar-ulertzearen balioetan sakontzeko, gatazkaren kazetaritza-narrazioa ikuspegi kultural batekin konbinatuko duena.

Hamar dokumentaletan lehena da Mugaldeko mezuak, Ceutara egindako bisitaren baitan grabatutakoa. Hurrengoak, Belfastekoak, In dialogue du izena; Ipar Irlandako gatazka landuko du eta duela gutxi arte elkarren aurka aritu izan diren sei pertsonaren arteko mahai-ingurua jaso da. Donostiako Giza Eskubideen Zinema Jaialdian estreinatuko da In dialogue, eta ondoren ETBn ikusi ahal izango da.

Mugaldeko mezuak - Fitxa teknikoa:

Ekoizleak: DSS2016EU ? Mediapro (K2000)

Ekoizle eragilea: Joan Úbeda

Produkzio zuzendaria: Pilar Razquin

Ideia: Xuban Intxausti

Zuzendaria: Xuban Intxausti

Produkzioa: Leire Larisgoitia

Gidoi koordinazioa Arnau Monrás / Leire Larisgoitia

Errealizazioa / Irudia / Edizioa: Marc Parramón

Gidoia: Juanma Arizmendi

Parte-hartze berezia: Sergi Cámara

Musika originalal: Izorel

Grafismoa: Asier Lasa

Iraupena: 1h 8 min