Itxi

telebista

23:30ean, ETB2n

'Europa Transit'en lehen dokumentala, ostegunean, ETB1en

A.E.|EiTB

DSS2016rekin elkarlanean landutako 10 ataleko proiektua abian jarri da Euskal Telebistan. Lehen atala, Mugaldeko mezuak izenekoa, Ceutako etorkinei buruzkoa izango da.

0:13

Donostia 2016rekin elkarlanean landutako proiektua da 'Europa Transit', eta ostegun honetan jarriko da abian ETBn. Autobusez, kontinentetik barrena, Europako XX. mendeko hamar gatazkaren berri jasoko du 'Europa Transit'ek, elkarbizitzarako trantsizioaren kultura sustatzea helburu. Lekukotza eta esperientzia horiek ikus-entzunezko formatuan jasoko dira, bereziki ekipatutako autobusa lantoki bihurtuta eta urte osoa iraungo duen hamar puntuko ibilbidean zehar.

Ceutan jasotako lekukotza eta bizipenak dakartza 'Europa Transit' proiektuak martxoan; telebistan, dokumental eran, Afrikako etorkinen errealitateari arreta emanda. Besteak beste, mugako hiriko etorkinentzako aldi baterako egonaldietarako zentroa bisitatu du Bakearen Itsasargiaren enbaxada honek lehen etapan. Bertan ematen dituzte etorkinek hainbat hilabete, Penintsulara igarotzeko, eta han pilatzen dira ehunka emakume eta gizon, eta haien esperantza eta bizipenak.

Pertsonen lekukotzak jaso dira han zein gerora bizileku izan dituzten Europako hirietan; Bilbon, Parisen eta Bartzelonan, esaterako. Lehen dokumental honetan, Sergi Camara argazkilariak hartu du parte. Migrazio mugetan egiten du lan Camarak, eta, egun, Ceutatik sartutako etorkinen argazkiekin erakusketa prestatzen dabil Ceutan bertan, hirira iritsi berri diren immigranteei zuzenduta. Erakusketa horren bidez, aurretik haien lekuan egondakoen bizipenen mezuak jasoko dituzte. Ikus-entzunezko hau ostegun honetan emango da ETB1en, 23:15ean, eta martxoaren 31n, ETB2n. Donostia 2016ren webgunean ere zuzenean ikusteko aukera egongo da.

Mugaldeko mezuak du izena dokumentalak, eta migrazio bidaiaren bi alderdiak jartzen ditu parez pare: zentroko egoiliarrak alde batean, eta trantze bera pasatuta Europan bizitzen urteak daramatzaten etorkinenak bestean. Xuban Intxausti zuzendariaren esanetan, «errealitatearen irudipen oker batekin» iristen dira etorkinak, jada Europan daudela uste dutelako, baina jabetu gabe «ilegala den immigrante baten egoera oso zaila dela Europan». Hala, dokumentalak «muga hark dauzkan errealitate nahasiez» dihardu. Arriskatu eta dokumental ausarta egin dutela dio zuzendariak, «bizitza hobe baten bila egindako bidaia amesgaizto» bilaka daitekeela erakusten duena. Besteak beste, Sergi Camara fotokazetariaren kolaborazioarekin egindako erakusketa bat ikusiko da. Europan bizitzea lortu duten etorkinen irudiak atondu zituen hark, zentroko egoiliarrei zuzendutako mezuekin batera.

Lehen etapa gaindituta, Belfast (Ipar Irlanda) izango du bigarren geldiune 'Europa Transit'ek. Dresden (Alemania), Wroclaw (Polonia), Kaliningrad (Errusia), Pristina (Serbia), Sarajevo (Bosnia-Herzegovina), Plovdiv (Bulgaria), Istanbul (Turkia) eta Pafos (Zipre) izango dira bidaiaren hurrengo geralekuak, eta horietan ere tokiko gatazkari buruzko dokumentala grabatuko du lantaldeak.