Itxi

telebista

23:15ean

'Llach: La revolta permanent' dokumentala, gaur, ETB2n

A.H. | EITB

Lluis Llach konpositorearen 'Campanades a morts' abestia hizpide hartuta, 1976ko martxoak 3an Gasteizen izandako gertakari bortitzak gogoratuko ditu dokumentalak.

Llach: La revolta permanent dokumentala eskainiko du gaur ETB2k, 1976ko martxoak 3an Gasteizen izandako gertakari bortitzen 40. urteurrenean.

Hirian ospatzen ari zen langile asanblada baten erdian, poliziaren jokaerak bost hildako eta balaz zauritutako 100 pertsona baino gehiago eragin zituen. Gau horretan, amorruak eraginda, trantsizioko abesti ospetsuenetakoa izango zena sortu zuen Lluis Llach konpositoreak: 'Campanades a morts'.

30 urte geroago, martxoak 3ko biktimen omenezko emozioz beteriko kontzertu jendetsu batean, Lluis Llach Gasteizera itzuli zen abesti hori jotzera. Dokumentalak kontzertuko momentu hunkigarri haiek bildu ditu, eta espazioan eta denboran zeharreko bidaia proposatuko du. Llachen musika eta hitzek oroitzapen biografikoekin bat egingo dute saioan, eta gertakarien protagonisten testigantza eta irudiak jasoko ditu.

Abesti baten istorioa azalduko digu dokumentalak, eta harekin batera, abesti hori idatzi zuen pertsonaren erretratua eta abestia inspiratu zuten gertakarien kronika eskainiko du. Oihu bat, eta aldi berean, gertakari haiek ahaztu ez daitezen errebolta iraunkor baten eskaera da.

Llach: La revolta permanent gaur emitituko da, 23:15etik aurrera, ETB2n.