telebista
Olinpiar Jokoak
Asier Garcia kirolari paralinpikoa, 21:00etan, 'BAT To Rio' saioan
A.A. | EiTB
Gurpildun aulkiko saskibaloian osatu duen ibilbidea ezagutuko dugu.
-
Bat to Rio
Euskal Telebistako 'BAT to Rio' saioak, hurrengo Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukerak dituzten euskal kirolariak aurkezten dituen programak, Asier Garcia izango du larunbat honetan protagonista, Estatuko Selekzioko kapitaina Gurpildun Aulkiko Saskibaloian. Saioa 14:45ean izango da ikusgai, ETB2n; eta 21:00etan, ETB1en.
Istripu batek bere eskuineko hankan lesio larriak utzi zizkionean, Asierrek 13 urte zituen. Eliteko kirolarekin egin zuen amets urte askotan, baina istripu haren ondoren amets hori erdiestea zaila zela onartu behar izan zuen. Hala ere, dena aldatu zen gurpildun aulkiko saskibaloia ezagutu zuenean. 15 urteren ondoren, protagonistak aitortzen du gaur egun ez duela istripuaz arnegatzen, harek eragin zion desgaitasunari esker lortu duelako nolabait orain duen bizitza, eta pozik dagoelako horrekin. Estatuko selekzioaren kapitaina da Asier, bere jatorriko klubean aritzen da gaur egun eta orain Rioko Paralinpiar Jokoei aurre egingo die "handia den zerbait" lortzeko gogoekin.
Asier 2002an hasi zen gurpildun aulkiko saskibaloian Bilboko C.D. Zuharrak taldean. Harrezkeroztik hainbat taldetan aritu da (Bartzelona, Toledo eta Getafe), beti Espainiako Ohorezko Mailan eta Europa mailako txapelketak jokatuta. 2009an lehen aldiz deitu zioten estatuko selekziotik Adana-ko (Turkia) Europako Txapelketa jokatzeko. Ordutik 98 aldiz deitu dute, brontzezko bi domina irabazi ditu 2011ko Europako Txapelketan (Nazareth) eta 2013koan (Frankfurt) eta Londreseko Paralinpiar Jokoetan hartu du parte. Horietan Espainiako saskibaloi selekzioak bere emaitzarik onena lortu zuen: bosgarren postua eta olinpiar diploma. 2013an Europako Txapelketan eskuratutako brontzeak 2014an Hego Korean jokatutako Munduko Txapelketan parte hartzeko txartela eman zion. Laugarren bukatu zuten, Estatu Batuen kontra 4 puntugatik eta Turkiaren kontra brontzezko dominaren borrokan 3 puntugatik galdu ostean. Selekzioak Munduko Txapelketa batean lortutako sailkapen onena errepikatu zuen, Sydney 1998ko laugarren tokia.
2014ko Aste Nagusian Asier pregoilaria izan zen, Bidaideak Bilbao BSR taldearen ordezkari gisa, eta 2015ean Korrikaren lekukoa eraman zuen Bilboko kaleetatik. Bere kirol karrera Saiatu Fundazioan egiten duen lanarekin uztartzen du. Euskal Herrian paralinpiar kirolaren garapenean laguntzen du fundazio horrek.