Itxi

telebista

ETB1en eta eitb.eus-en

'Nafarroaren Garaia' erreportajea, gaur, 23:30ean, ETB1en

A.E.

EiTB

Juan Kruz Lakastak gidatuta, Nafarroaren eta Euskararen Eguna du ardatz. Besteak beste, Uxue Barkosek, Floren Aoizek, Aingeru Epaltzak, Cristina Altunak eta Gorka Urbizuk parte hartuko dute.

  • Uxue Barkos eta Juan Kruz Lakasta

    Uxue Barkos eta Juan Kruz Lakasta

Gaur gauean, 'Nafarroaren Garaia' erreportajea eskainiko du ETB1ek. Juan Kruz Lakasta kazetariak gidatuko du saioa eta, hain juxtu, Nafarroaren eta Euskararen Eguna izango ditu ardatz.

Nafar instituzioetan aldaketa historikoa gertatu zenetik lehen aldiz ospatuko da Foru Erkidegoaren Eguna abenduaren 3an. Data horrek beste izendapen bat ere badu: Euskararen Nazioarteko Eguna.

Nafarroako gizartea bezain anitza da bertako paisaia. Horregatik, herrietan eta iritzietan barrena egin du Lakasta kazetariak bidaia. Autoz, trenez, Villavesaz edota bizikletaz. Postal ikusgarriak erakutsiko dizkie ikusleei kolore guztietako paraje eta pertsonekin. Besteak beste, honako hauek parte hartuko dute erreportajean: Uxue Barkos Nafarroako presidenteak, Floren Aoiz Iratzar fundazioko zuzendariak, Aingeru Epaltza idazleak, Cristina Altuna UPNko legebiltzarkideak eta Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko abeslariak.

Nafarroa Garaian eman den aldaketaren termometroa hizkuntza politika izaten ari da. Bide errotulazioa, Vascuencearen Legearen balizko eraldaketa, euskara eskoletan, lan deialdi publikoetan...

Azken urteotan gutxietsita sentitu diren herritarrak Lingua Navarrorun horren hedapenaren zain daude. Euskararen egarriz. Beste askok, gehiegizko hedapen hori inposiziotzat hartu eta kritikarako arma bihurtu dute, hedabideetan zein legebiltzarrean.

Hezkuntzaren oposaketa deialdia izaten ari da horren isla. Euskarazko D ereduari gehiegiko lanpostuak eman zaizkiola uste dute batzuek. Gaztelaniazko eredua, ordea, ia desagertuta dago. UPNk ezarritako PAI programaren eraginez, gaztelaniaz baino ez dakiten irakasleak soberan daude. Honek guztiak, jakina, guda mediatikoa eragin du.

Lurralde honen aniztasun paisajistiko eta ideologikoaren erdian, gobernu berriak uste du biztanle anitz horientzat guzientzat gobernatzen ahal duela. Baina posible izango al da? Denak kontent egoteko moduko kudeaketa egin daiteke? Zalantza hori batez ere euskararekin egiten da nabarmena. Euskara egarria duen gizartea vs. inposaketatzat hartzen duen gizartea. Aniztasunaren elkarbizitza posible ote den aztertuko dute, beraz.

'Nafarroaren Garaia' ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai, gaur, 23:30ean.

30ean.