Itxi

telebista

12:00etan, ETB2n

ETBk 'En Jake' saioa estreinatu du, Xabier Lapitzen eskutik

EITB

Aktualitatea izango du egunero hizpide, kazetari, politikari eta elkarte eta talde sozialetako ordezkariekin.

1:24

'En Jake' debate politikoa ardatz duen saioa estreinatu dute ETB2n. Xabier Lapitz kazetariak zuzendu eta aurkeztuko duen saioa astelehenetik ostiralera izango da ikusgai, zuzenean, 12:00etatik 14:00etara. Egun-eguneko gaiak aztertzeko, hedabide ezberdinetako kazetariak, alderdi politikoetako ordezkariak, eta talde eta elkarte sozialetako kideak hartuko ditu. Iritzi eta hausnarketa politikoa uztartuko dituen saioa Prime Time Mediak eta ETBk ekoitziko dute.

Elkarrizketarako tartea ere egongo da 'En Jake' saioan. Lehen mailako politikariak eta aktualitatearen bestelako protagonistak elkarrizketatuko dituzte Xabier Lapitzek eta mahaiko protagonistek.

Lapitzekin batera, Arantza Ruiz kazetaria egongo da platoan. Bertako pantaila handian agertuko diren gai nagusiak garatuko ditu Ruizek, datu, grafiko eta irudi bidez.

Horrez gain, Blanca Saezekin bat egingo dute egunero, azken orduko albisteen berri jasotzeko saioaren erredakziotik.

Halaber, 'En Jake' kalera irtengo da, saioko erreportari taldeak albistea izan den tokitik bertatik emateko horren berri, eta protagonistak elkarrizketatzeko.

Kazetari ezagunak tertuliakide

Debatearen mahaian, kazetari ezagunak izango ditu lagun Xabier Lapitzek: Martin Garitano, Jose Uriarte, Olatz Barriuso, Martxelo Otamendi, Alberto Ayala, Lourdes Perez, Luis Aizpiolea, Josean Izarra eta Alberto Surio, besteak beste.

Datozen egunetan, Patxi Lopez lehendakari ohi eta PSOEko Harreman Politikoen idazkaria, Hasier Arraiz Sortuko presidentea, Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidentea eta Txiki Muñoz ELA sindikatuko idazkari nagusia hartuko dituzte platoan.