Itxi

telebista

Kataluniako Hauteskundeak

Kataluniako hauteskundeen jarraipen zabala, gaur, EiTBn

EiTB

eitb.eus-ek zuzenean emango du botoen kontaketa, eta jarraipen berezia egingo dio egun osoari. ETBk, Radio Euskadik, Euskadi Irratiak eta Radio Vitoriak ere programazio berezia eskainiko dute.

EiTB taldeko hedabideak Kataluniako hauteskundeetan murgilduko dira, eta hauteskunde-egunaren jarraipen zabala, inkesten datuak, boto zenbaketa, azken emaitzak eta alderdi politikoen lehenengo erreakzioak gertutik jarraituko dituzte.

Hori horrela, eitb.eus-en Kataluniako Hauteskundeei buruzko webgune berezia dago abian. Horrez gain, boto kontaketa minutuz minutu jasoko dute, etengabe informazioa gaurkotuta. Lehenengo ordutik hasita, egun osoko kontakizuna egingo du webguneak, bideo, audio eta sare sozialetako ekarpen nabarmenenak bilduz. Gainera, ETB1, ETB2, Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta Radio Vitoriak eskainiko duten programazio berezi osoa ere eskainiko du.

ETB2n, Aintzane Bolinaga eta Juan Carlos Etxeberria kazetariak datu guztiak zuzenean emango dituen albistegia eskainiko dute Kataluniatik bertatik, arratsaldeko 20:00etatik aurrera; eta ETB1ek, Maddalen Iriartek gidatutako Catalunya, agur! erreportajea eskainiko du, Kataluniako gizarteari lehen eskuko pultsua hartuko dion tarte berezia.

Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Radio Vitoriak gainera, programazio berezia eskainiko dute, eta bertaratuko bi kazetarik hauteskunde gauean gertatuko den guztiaren berri emango dute: Maite Artolak Euskadi Irratian, eta Dani Alvarezek Radio Euskadin eta Radio Vitorian. eitb.eus webgunean bere aldetik, saio berezi guztiak eskainiko dira zuzenean.

Saio bereziak ETB1en eta ETB2n

ETB2k bat egingo du Kataluniarekin, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, eta bertan, Aintzane Bolinaga eta Juan Carlos Etxeberria kazetariek hauteskunde gaueko datu guztiak eskainiko dituzte. Azken orduko inkesten datuekin hasi eta Kataluniako gizarteko alor ezberdinetako pertsonaia nabarmenen inpresio eta testigantzak jasoko dituzte, beteak beste, Manel Lucas aktore ezaguna eta Jaume Roures Mediapro taldeko presidentearekin hitz egingo dute.

Boto kontaketa aurrera doan ahala, datu guztiak sakonki aztertu eta adituez osatutako solasaldi mahaian komentatuko dituzte hauteskunde gauaren nondik norakoak. Astrid Barrio eta Jaume Lopez Zientzia Politiko eta Administrzio doktoreak, eta Josep Maria Reniu, Trantsizio Nazionalerako Kontseilu aholkulariko kidea izango dira solaskide gonbidatuak.

Horrez gain, eta Bilbotik zuzenean, Estibaliz Ruiz de Azua kazetariak Bingen Zupiria (Deia), Alberto Surio (El Diario Vasco) eta Iñaki Iriondo (Gara) kazetariak bilduko ditu, Kataluniako hauteskundeak Euskadiko ikuspegitik aztertzeko asmoz

ETB1en gainera, Amaia Cayerok albistegi berezia aurkeztuko du 21:45etik aurrera. Emaitzen berri emango du eta lehenengo erreakzioak eskainiko ditu.

'Catalunya, agur!'erreportajea

ETB1ek 'Catalunya, agur!' erreportajea eskainiko du, 21:00etatik aurrera, lehen eskuko pultsua hartzeko asmotan Kataluniako gizartean murgilduko den saio berezia.

Maddalen Iriarte kazetariak hainbat alorreko pertsonaiak elkarrizketatu ditu, hala nola, Lluis Llach edo Juanjo Puigcorbé kultura alorreko pertsonaiak, komunikazio alorrekoak, ekonomiakoak, eta baita elizaren ordezkariak ere. Zuzenean eragiten dieten gaien inguruan aritu dira, eta ETBko kameren aurrean, igandetik aurrera eman daiteken estatus politiko aldaketak sortu ditzaken eraginak aztertu dituzte.

Elkarrizketatuen zerrenda zabala da. Aipatutakoez gain, Toni Strubell hizkuntzalaria, Gay de Liébana ekonomialaria, Monica Tarribas eta Vicent Partal kazetariak, Anaitz Arbilla futbolaria, Gorka Knörr abeslaria eta Catalunyan ETBko berriemaile den Eli Zunzunegi, besteak beste. 'Juns per si' taldeak L´Hospitalet de Llobregaten eman zuen mitina, Bartzelonako burtsa edo Montserrateko Beneditarren monasterioa izan dira kazetariak hauteskunde egunaren atarian argazki zehatz bat erakutsiko duen kronikari forma emateko aukeratu dituen tokietariko batzuk.

Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta Radio Vitoria

EiTBko irratietako kazetariek saio berezia aireratuko dute igandean, botoak zenbatzeko, prozesua jarraitzeko eta hauteskundeen emaitzak aztertzeko. Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Radio Vitoriak programazio berezia prestatu dute, eta Ander Arzak, Iñaki Lopez, Iratxe Etxebarria, Imanol Manterola, Oihane Yustos, Dani Alvarez eta Maite Artola kazetariek igandeko hitzordu horri jarraipen zabala eta berezia egingo diote.

Euskadi Irratian Maite Artola 19:30ean hasiko da zuzenean Kataluniatik bertatik hauteskundeen nondik norakoekin; eta Dani Alavarezek gauza bera egingo du, 20:00etatik aurrera Radio Euskadin eta Radio Vitorian. Era berean, irailaren 28an, astelehenean, 'Faktoria' eta 'Boulevard' saioak Kataluniatik egingo dira.