telebista
Gaur, FESTVALen
EiTBk 'Safari Wazungu' saioaren aurrestreinaldira gonbidatu nahi zaitu
EiTB
Gaur goizean, Gasteizko Plaza Berrian aurkeztuko da saioa, musika eta dantza afrikarrek girotuta, eta arratsaldean, berriz, Principal Antzokian, egingo da horren aurreemanaldia
Euskal Telebistak 'Safari Wazungu' reality berria estreinatuko du laster, eta gaur, irailak 4, izango den aurrestreinaldira gonbidatu nahi zaitu. Ekitaldia 19:00etan izango da, FesTVal Gasteizko Telebista eta Irrati Jaialdian, Principal Antzokian.
Ekitaldira joan nahi duenak gonbidapena lor dezake bai Radio Vitorian (Domingo Martinez de Aragon kalea, 5) bai FesTValen egoitzan bertan (Espainia plaza, 8). Gonbidapenak, baina, ez du balio antzokira sartzeko. FesTValen egoitzan aurkeztu beharko da sarrera zenbakidun bat hartzeko horren truke. Antzokia bete arte emango dira.
Aurkezpena
ETB2ko saio berria Gasteizko Plaza Berrian aurkeztuko dute, 11:30ean. Musika eta dantza talde afrikar batek girotuko du ekitaldia, eta haurrentzako eskulan tailerrak ere izango dira bertan.
Gotzon Mantulizek aurkeztuko duen reality berri honetan, zortzi lagunek safaria egingo dute Afrikan zehar, abenturan aurkitzen dituzten ezustekoei aurre eginez. Helburua argi dago: esploratzaile onena aurkitzea. Lehiakide ausartak honako hauek dira: Ramon Roteta, Virginia Berasategi, Coman Mitogo, Eduardo Iturralde Gonzalez, Arantza Garces, Begoña Alonso, Yong Li eta Yogurinha Borova.
Aurkezpenean honako hauek hartuko dute parte: Edu Barinaga ETBko zuzendaria, Patxi Alonso Hostoil etxeko produktore eragilea, Joxan Goñi saioaren zuzendaria, Gotzon Mantuliz aurkezlea, eta Ramon Roteta, Eduardo Iturralde, Yogurinha Borova, Arantza Garces, Begoña Alonso, Coman Mitogo eta Virginia Berasategi lehiakideak.
Irailaren 13an estreinatuko da 'Safari Wazungu' saioa ETB2n.