telebista
Abentura Afrikan
'Safari Wazungu' realitya estreinatuko du, gaur, ETB2k
EiTB
Gotzon Mantuliz 'El Conquis' saioko irabazlea izango da safari berezi honen aurkezlea, eta zortzi pertsona famatu izango ditu protagonista.
Udazken honetako ETBren programa nagusienetakoa estreinatuko du ETB2k gaur gauean: 'Safari Wazungu'.
Reality berri honetan, zortzi lagunek safaria egin dute Afrikan zehar, bidean aurkitu dituzten ezustekoei aurre eginez, esploratzaile onena aurkitzeko asmoz.
Afrika aukeratu dute road movie berezi hau grabatzeko, eta Gotzon Mantuliz 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioko irabazleetako bat izango da aurkezlea. Gidari profesionala da Mantuliz horrelakoetan, eta Afrikako gidari talde baten laguntza izango du.
Hostoil etxeak ('El Conquistador del Fin del Mundo' eta '101 Gaztelu') ekoitzi badu ere, 'Safari Wazungu' ez da biziraupen-saio bat: abentura honetan, pertsonaien arteko elkarbizitza eta protagonistek ingurugiro ezezagunetara moldatzeko ahalmena dira nagusi. Horregatik jarri diote "wazungu" izena: swahiliz europarrei deitzen diete horrela, bertara bisitan doazen "zuri" edo atzerritarrei, alegia.
Atal bakoitzean, wazunguek erronka eta desafioei aurre egin beharko diete, ausardia eta bere burua hobetzeko ahalmena erakusteko. Desafio zirraragarriak egingo dituzte afrikar kontinenteak eskaintzen dituen paraje ikusgarrietan. Gainera, safarian zehar bisitatuko dituzten herrialdeetako animaliekin harremanetan jartzeko aukera izango dute.
Hona hemen realityan parte hartuko duten protagonisten zerrenda: Ramon Roteta sukaldari, eskultore eta 'No es País para Sosos' saioko aurkezlea: Virginia Berasategi triatleta bilbotarra; Coman Mitogo euskaldun-ginearra ('Adan y Eva' saioan egin zen ezagun, eta 'Gran Hermano Vip 2015' saioko finalistetako bat izan zen); Eduardo Iturralde Gonzalez futboleko epaile ohia, lehen mailako epaile polemikoenetakoa izandakoa; Arantza Garces aurkezle, modelo eta aktore getxotarra ('Basque Country Vertical' eta 'Nick dut Nik' Euskal Telebistako saioen aurkezlea); Begoña Alonso aktore eta aurkezlea (David Bustamante abeslariarekin izandako harreman gorabeheratsuaren ondorioz egin zen famatu, eta Euskadira itzuli da, Mexikon telebistan lan egin ostean); Yong Li euskaldun-txinatarra (ETB3ko 'Lokaleroak' saioan ezagutu genuen, 'Un príncipe para Corina' hankaz gora jarri zuen eta gorriak ikusi zituen 'Supervivientes'en); eta Yogurinha Borova, Eduardo Gaviña argazkilari eta transformistaren pertsonaia dibertigarria, Las Fellini taldearekin sortutakoa.