Itxi

telebista

23:30ean

'SexSua' hezkuntza sexualaren inguruko saio berria, gaur, ETB1en

A.E.

EiTB

Jon Gomezek gidatuko duen saioak Eusko Jaurlaritzaren babesa du eta ostegunero izango da ikusgai.

0:30

'SexSua' saio berria estreinatuko du ETB1ek gaur gauean, Jon Gomezen gidaritzapean. Astero, bi hilabetez, hezkuntza sexualari lotutako gai bat jorratuko du. Helburua argia da: modu natural, entretenigarri eta hezitzailean hezkuntza sexuala hobetzen laguntzea. Eusko Jaurlaritzaren babesa duen saioa ostegunero izango da ikusgai, 23:30ean.

Lehenengo saioak zoru pelbikoaren inguruko bitxikeriak batuko ditu (badakizu emakumeen organorik garrantzitsuenetarikoa dela eta gehienek ez dutela ezagutzen?). Bigarrenak fantasia eta orientazio sexualen artekoak ekarriko ditu (homosexuala al zara sexu bereko pertsona batekin fantasia bat izatearren?). Hirugarrenean, ohiko industria pornografikoak gure gizartean duen eraginaz ariko dira (neurria al da dena?). Laugarren saioak antisorgailuak izango ditu hizpide (zein da eraginkorrena? ba al dakigu ondo erabiltzen?). Bosgarrenak drogek gure organismo edo harremanetan dituzten eraginak aztertuko ditu (alkohola pizgarria ala depresorea da?). Seigarren saioa berezia izango da; hezkuntza sexuala gure hezkuntzan nola lantzen den aztertu eta hausnarketara bideratzeko asmoa du. Horretarako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta EHUko Magisteritzako gela bana bisitatuko ditu aurkezleak.

Gainera, saio bakoitzean gure zalantzak sexologo eta mediku batek argitzeaz gain, beste hainbat atalez egongo da osatuta programa bakoitzaren hezurdura: ospetsuei elkarrizketa bereziak, herritarrak proban jarriko dituzten ariketak (jakingo ote dute kaletik harrapatutakoek gure arbelean alu bat marrazten?), kale inkestak (txinatar bolek benetan zertarako balio duten badakigu?), bitxikeriak, gazteen zalantzak...

Jon Gomez Garai gazteak sortu, aurkeztu eta zuzendutako saioa da 'SexSua', Zirriborro ekoizpen etxearen talde teknikoarekin, Desirak Sexologia Taldearen laguntzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren eta Osasun Sailaren babesarekin.

>
  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista