Itxi

telebista

Estreinaldi handia

'El Conquistador del Fin del Mundo', Ozeano Pazifikora bidean

Telebistako abentura saiorik gogorrenak erronka berri eta harrigarriak ekarriko dizkigu XI. edizioan, gaur gauean hasita, 22:30etik aurrera, ETB2n.

0:00

'El Conquistador del Fin del Mundo' gaur itzuliko da ETB2ra, 22:30ean. Aurtengo edizioa orain arteko gogorrena izango da; lehiakideak Ozeano Pazifikora helduko dira, Andeak zeharkatuz, eta Argentinatik Txilera, Patagoniara, egingo dute.

Aste honetan egin dute abentura handi honen lehenengo atalaren estreinaurrekoa Bilbon. Aurkezleak, kapitainak eta lehiakideak alfonbra gorritik pasatu ziren BBK Salan, argazkilarien flash eta zaleen oihu artean. Besteak beste, Edu Barinaga ETBko zuzendaria, Julian Iantzi eta Patxi Alonso aurkezleak eta Joxean Goñi eta Txema Montoia zuzendariak egon ziren bertan, eta 'Conquis'eko aurpegi ezagunak ere han izan ziren: Gotzon Mantuliz, David Seco, Jose Luis Korta, Manu Maritxalar, Julen Madina, Eneko Van Horenbeke eta saioaren aurreko edizioetako beste hainbat lehiakide eta irabazle.

'El Conquistador de Fin del Mundo' saioak arrakasta handia eskuratu du aurreko hamar denboraldietan: igandeetako ordutegi nagusian, audientzian nagusi izan da, eta % 20 inguruko share edo audientzia-kuota lortu du.

XI. edizioaren hasiera

'El Conquistador del Fin del Mundo' ETB2ra itzuliko da gaur, emanaldi bikoitzarekin. Astero, bi kapitulu eskainiko dira, igandean eta astelehenean, 22:30ean, eta Patxi Alonsok aurkeztutako 'El Conquis' debatea eskainiko da emanaldi bakoitzaren ostean.

Tenperatura aldaketa bortitzek eta haizeak asko baldintzatuko dute Patagonian biziko den abentura, baina, dudarik gabe, elurra izango da erabakigarriena. Baldintza gogor hauen ondorioz, arazo handiak izango dituzte lehiakideek kanpamentuetako bizikidetzari eta proba zailei aurre egiteko.

Aurten, 26 lehiakide izango dira (13 emakume eta 13 gizon), ausartak eta adoretsuak guztiak, goseari, hotzari, eta proba eta baldintza oso gogorrei egin beharko baitiete aurre.

Gainera, aurtengo edizioaren berrikuntza garrantzitsuena kapitain berriak izango dira. Birritan 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioa irabazi duen Eneko Van Horenbekek kapitain izateko aukera jasoko du, eta 'El Conquistador'eko beste irabazle lehiakor bat izango du aurrez aurre: David Seco. Bien arteko norgehiagokak abiatuko du hamaikagarren edizioa.

Kapitainek bien arteko proba jokatuko dute lehiaketa hasteko. Lehenengo atal honetan, Piedra Paradara helduko dira, helikoptero batetik salto egin ostean. Hori izango da 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioko lehenengo proba.

'El Conquis', Patxi Alonso eta Gotzon Mantulizekin

'El Conquis' debatea Patxi Alonsok aurkeztuko du aurten ere, eta Gotzon Mantuliz egongo da harekin. Gotzon lehiakideekin batera egon da Patagonian, eta jokoak eta probak lehiakideen aurretik egin ditu. Gainera, kanporatutako lehiakideak elkarrizketatuko ditu eta realitya grabatzeko prozesuaren xehetasun eta bitxikeria nabarmenenak azalduko ditu.

'El Conquis' debatea realityaren ostean helduko da, igandean eta astelehenean, eta aurretik inoiz ikusi ez diren irudiak eta lehiaketaren unerik onenen aurrerapenak eskainiko ditu. Kanporatuek euren esperientziaz aritzeko aukera izango dute platoan, eta euren jokaeraren gaineko azalpenak eman beharko dituzte bertako solaskideen aurrean.

Denboraldiko lehenengo debatean, Rebeka izango dute platoan, hamargarren edizioko lehiakidea eta Eneko Van Horenbekeren bikotekidea. Harekin batera, Sandra, Irantzu eta Amaia lehiakide ohiak eta Isa Landa, Julen Madina, Ibon Perez eta Gotzon Mantuliz egongo dira.