telebista
Aste osoan
Eskoziako erreferendumari jarraipen zabala, EiTBn
A.A.
EiTB
Edinburgotik zuzeneko berri emango dute irratian zein telebistan bertara joandako berriemaile bereziek, webgune berezia egongo da eitb.eus-en eta hiru erreportaje eskainiko dira ETBn.
Datorren irailaren 18an Eskozian egingo den independentzia erreferendumari jarraipen zabala egingo diote EiTBko hedabideek. Astelehenetik aurrera, Edinburgora joandako berriemaile bereziek zuzeneko berri emango dute irratian zein telebistan. ETBk, gainera, Eskozian grabatutako hiru erreportaje eskainiko ditu, Zuhaitz Gurrutxagak eta Jaime Otamendik gidatuta. Interneten, www.eitb.eus-ek atari berezia izango du.
Eskoziako erreferenduma hizpide izan dute azken hilabetean ETBko albistegi zerbitzuek, eta astelehenetik aurrera bertatik bertara jarraituko dute Eskozian gertatzen den guztia. Edinburgotik zuzenean arituko dira egunero Ane Roteta eta Juan Carlos Etxeberria kazetariak "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegietarako. Bozketa-egunean, zuzeneko bi puntu izango dituzte: Edinburgoko gaztelua eta boto-kontaketa egingo den zentroa, Highland Hall Ingliston. Halaber, hainbat bideo eskainiko dituzte, giroa nola dagoen, jendeak zer dioen eta zer agertokiren aurrean egon gaitezkeen ezagutzera emateko.
Albistegi zerbitzuen eskutik, "El Dilema" saioak denboraldi berriari ekingo dio astelehenean, Eskoziako erreferenduma hizpide nagusi hartuta. Juan Carlos Etxeberria, programako gidaria, Edinburgotik arituko da saioaren hasieran, eta bi aditu elkarrizketatuko ditu: Michael Keating, Aberdeengo Unibertsitateko Politika Zientzietan katedraduna, eta Elisenda Casanas, Edinburgoko Unibertsitateko Zuzenbide Publikoko irakaslea. Ondoren, Estibaliz Ruiz de Azuak Bilboko platoan bildutako gonbidatuen eztabaida moderatuko du.
Astelehenean bertan, ETB1ek "Eskoziaren erabakia" erreportajea eskainiko du. Erreferenduma ahalbidetu duen prozesu luze hau aztertuko du, une esanguratsuenak, gakoak eta bitxikeriak hurbilagotik jasota. Horretarako, Zuhaitz Gurrutxaga aurkezleak Eskoziako txoko ederrenak erakutsiko dizkigu bertan bizi diren hainbat euskaldunen bidez.
Eskozia eta eskoziarren izaera hobeto ezagutzea helburu duen erreportajea asteazkenean izango da ikusgai ETB2n, "La decisión de Escocia" izenburupean. Antzeko egitura izango duten arren, batean eta bestean agertuko diren gonbidatuak ez dira berberak izango.
Hirugarren erreportaje bat eskainiko du Euskal Telebistak, bozketa-egunean bertan, ETB1eko "Debatea" saioaren baitan. "Eskozia. Beti garaile" izeneko saio berezian, Jaime Otamendi kazetariak galdeketa egin baino astebete lehenago Eskoziako giro politikoa eta soziala zein den erakutsiko digu. 20 elkarrizketa baino gehiago eginez, bertako errealitatera gerturatuko gaitu, eta eskoziarrek erabakitzeko eskubidea normaltasun osoz barneratuta dutela agerian utziko du.
Irratiak
Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik lantalde zabala izango dute Eskoziatik berriemaile: Dani Alvarez, Maite Artola, Iratxe Etxebarria, Iñaki Espiga eta Mikel Aldama izango dira bertan. Iratxe Etxebarria kazetariak, gainera, datorren astelehenetik, irailaren 15etik, bertatik emango du erreferendumaren aurreko giroaren berri.
Irailaren 18an, "Faktoria" Edinburgotik egingo du Maite Artolak. Halaber, Dani Alvarezek ere Eskoziako hiriburutik egingo du egun horretako "Boulevard Informativo" saioa. Horrez gain, "Mezularia" Euskadi Irratian eta "Ganbara" Radio Euskadin bereziak izango dira. Eskoziako politikari eta gizarteko pertsonaia esanguratsuak elkarrizketatzeaz gainera, hemendik joandako ordezkariekin ere hitz egingo dute.
Hurrengo egunean, irailaren 19an, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ere gertu-gertutik jarraituko dituzte emaitzak eta erreakzio guztiak.
Internet
www.eitb.eus-ek atari berezi bat izango du Eskoziaren inguruan, datu eta iritzi guztiak jasotzeko. Erreferendumaren jarraipen estua egiten ari dira eta, nola ez, irailaren 18an eta 19an zuzeneko jarraipena egingo zaio webean Eskoziatik jazotzen den guztiari. Zuzeneko emankizunak streaming bidez, albisteak, bideoak eta abar Eskoziako atal berezian jasoko dira, EiTB taldeak sortzen dituen eduki guztiekin batera.