telebista
FesTVal sariak
FesTVal-ek 'La Noche de…' saritu du, bere ibilbide oparoagatik
A.H.
EITB
Larunbatean ospatu zen itxiera galan jaso du Felix Linaresek saria, eta Karra Elejalde aktoreak bere ibilbide profesionala saritu duen EiTB Saria jaso du ekitaldi berean.
Gasteizko FesTVal jaialdiak ETB2ko 'La Noche de…' saioa saritu du aurten. Saioa bere ibilbide luzean ikus-entzuleengandik hurbil egon delako nabarmenduko dute. Larunbatean, irailaren 6an, Gasteizko Principal Antzokian ospatu zen ekitaldian jaso zuen Felix Linaresek saria Unax Ugalde aktorearen eskuetatik. Jaialdiak telebista munduko pertsonaia nabarmenenen lana saritu zun itxiera ekitaldian, eta EiTBk, jaialdiaren anfitrioi modura, Karra Elejalde aktoreari eman dio aurten EiTB Saria, horren ibilbide profesionala aitortzeko. Aktore gasteiztarrari, berriz, beste bi aktorek, Gorka Aginagaldek eta Andoni Agirregomezkortak eman zioten saria.
'La Noche de…' saioak 1.000 programa baino gehiago
Aurten, 1.000 emanaldi bete ditu Felix Linaresek ETB2n aurkezten duen magazinak, eta ordutegi nagusian denbora gehien eman duen saioa da Estatu mailan.
Azken 19 urteetan Felix Linaresek ez dio bere asteroko hitzorduari hutsik egin. Zinemaren munduko daturik harrigarrienak, istoriorik dibertigarrienak eta pasadizo eta bitxikeria paregabeak kontatu dizkigu asteartero. Horrela, ikus-entzuleen babesa bereganatu du, ETB2ko erreferentziazko saio bihurtu da, eta urtero gainditu du katearen audientzia marka.
2014an, 'La Noche de...' saioak, batez beste, % 12,3ko audientzia zatia lortu du, eta saioak aurkeztu dituen pelikulek % 10,8ko kuota eta 315.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan dute. Aurtengo emanaldien artean, nabarmentzekoa da 'La Noche de... Bienvenidos al Norte' atalak emandako datua: % 23,7ko sharea eta 364.000 ikus-entzuleko audientzia metatua.
Halaber, 'La Noche de...' zinema preskriptore bikaina da, bere ibilbide luzeari eta lortutako audientzia datu harrigarriei esker. Felix Linares aurkezleak, zinema eta kultura alorrean irrati esatari aditua den heinean, bere gain hartu du saioaren filosofia.
Karra Elejaldek EITB Saria jaso du
EiTBk EiTB Saria eman zuen FesTVal jaialdiko itxiera ekitaldian, euskal aktoreen eta telebistako profesionalen lana goraipatzen duen saria. Aurtengo edizioan, Karra Elejalde arabarrak jaso du EITB Saria, eta aktore, zuzendari eta gidoilari moduan izandako ibilbide luzeari omenaldia egin diote. Juanma Bajo Ulloa zuzendariarekin Rey Gitano filma grabatzen dabil orain, baina 2014. urtean, 8 apellidos vascos komediaren arrakastak astindu du aktorearen ibilbidea.
Antzerkian, zineman eta telebistan lan egindakoa da Karra Elejalde, eta hainbat pelikula ospetsutan hartu du parte, besteak beste, hauetan: Terranova, La madre muerta, Vacas, Salto al vacío, Airbag eta También la lluvia. Azken film honekin, bigarren mailako aktore onenaren Goya saria jaso zuen.
Jaialdiko itxiera ekitaldian, EiTB Sariaz gain, Joan Manuel Mainat sariak, Kritikaren sariak eta telebistako gidoi onenaren ALMA saria banatu zituzten. Guztira, hamabi sari, eta Gasteizko Principal Antzokian Estatu mailako telebista munduko profesional nabarmenenak bildu ziren.