Itxi

telebista

Gaurtik aurrera

Andre Maria Zuriaren jaien jarraipena, ETBn

A.H.

EITB

Zeledonen jaitsiera zuzenean eskainiko du ETB2ko 'SIML' magazinak, eta 'Gasteizko Jaiak 2014' saio bereziak egunean zehar izan den jai giroaren berri emango du ETB1en, gonbidatu oso bereziekin.

0:20

Gaur hasita, Andre Maria Zuriaren jaiak jarraituko ditu ETBk. Zeledonen jaitsierarekin hasiko dira Gasteizko jaiak, eta gaur arratsaldean, ETB2ko 'Sin Ir Más Lejos' magazinak hiriko Andre Maria Zuriaren plazarekin bat egingo du zuzenean, 17:45etik aurrera. Xabier Mendia kazetaria plazako balkoietako batetik jarraituko du jaien hasiera eta hiriko alkatea eta bertan izango diren beste hainbat pertsona ospetsu elkarrizketatuko ditu.

Bestalde, Zeledonen jaitsieraren kontakizuna Radio Vitoriako Pilar Ruiz de Larrea eta Alberto Ortiz de Guinea kazetariek egingo dute zuzenean. Arratsaldeko 18:00etan, Zeledon San Migel kanpandorretik jaitsi eta plazako balkoi batean amaituko du, Gasteizko jaiei hasiera emanez.

Eguerdiko 'Sin Ir Más Lejos Verano' saioak ere, zuzeneko konexioak egingo ditu, Gasteizeko kaleetan zehar ibiliko den Xabier Mendia kazetariarekin, eta jaiak hasi aurreko giroaren berri emango dute. Astelehenetik aurrera, egunero, Andre Maria Zuriaren jaien inguruko erreportajeak eskainiko ditu saioak.

Astelehen eta asteartean, 'Gasteizko Jaiak 2014'

Horrez gain, ETB1ek 'Gasteizko Jaiak 2014' saio bereziak prestatu ditu astelehen eta astearterako. Ilaski Serranok eta Urko Aristik aurkeztuko dituzte, Gasteizko udaletxe plazatik zuzenean, 22:15etik aurrera.

Gaur, Gorka Ortiz de Urbina, Zeledon, izango dute gonbidatu, eta berarekin jaiei hasiera eman dien jaitsieraren inguruan eta aurtengo ospakizunen nondik norakoez arituko dira. Horrez gain, Ocho apellidos vascos film arrakastatsuaren aktoreetako bat, Lander Otaola, izango dute saioan.

Bestalde, Vanessa Sanchez ETBko aurkezleak eta Joseba Beloki txirrindulari ohiak Gasteizko jaietan bizitako abenturak kontatuko dituzte. Amaia Orozek, Berezi kuadrillako blusa, blusek egiten duten lanaren berri emango du, eta Asier Kidam magoak truko batzuk eskainiko ditu zuzenean.

Horrez gain, Nahiara Gagok, eguneko erreportajeak ekarriko ditu. El Clarete jatetxeko Unai Fernandez de Retana sukaldariarekin elkartuko da kuadrillen bazkariak prestatzeko eta menu bereziaren berri emango du. Gainera, Zeledonen jaitsieraren ondoren ateratzen diren erraldoi eta buruhandiekin elkartuko da etxeko txikitxoekin batera.

Alde Zaharreko giroaren berri emateko eta fanfarrearekin dantzatzeko, zuzeneko konexioak egingo ditu saioak; beraz, Andre Maria Zuriaren jaietan murgildu eta giroaz gozatzeko aukera ez da faltako ETBn.