telebista
Felix Linaresen saioa
'La Noche de...', ETBko saiorik zaharrenetakoa
A. A.
EiTB
"Pantailan daraman denboragatik eta ikusleekin duen konexioagatik" sari bat jasoko du irailaren 1etik 6ra egingo den FESTVal jaialdian.
Joan zen astean, 2014an banatuko dituen Joan Ramon Mainant sarien berri eman zuen Gasteizko FESTVal jaialdiak. Saridunetako bat "La Noche de..." saioa izango dela iragarri zuten "pantailan daraman denbora luzea eta ikusleekin duen konexioa" kontutan hartuta. Izan ere, ETB2ko saioa Euskal Telebistako zaharrenetakoa da, beti ere, "Goenkale" ahaztu gabe, azken honek 21. denboraldia hasiko baitu irailean.
ETB2ko saioak 19 urte beteko ditu irailean eta dagoeneko 1.000 ataletik gora daramatza antenan. Denbora honetan guztian, astero astero izan da gure pantailetan zinemaren inguruko bitxikeriak, anekdotak eta istorioak kontatuz, ez du sekula hutsik egin. Felix Linaresek eitb.com-i emandako elkarrizketa batean, ez zuela hainbeste urtez programa batean egotea espero adierazi zuen duela hilabete batzuk.
Lehendabiziko saioa 1995eko irailaren 19an eman zen. "La Noche de... Drácula de Bram Stoker" izan zen. Telebista saioa segidan emango ziren pelikulak aurkezteko helburuarekin jaio zen. Baina denborak aurrera egin ahala, bere nortasuna hartzen joan zen eta hainbat atal sortzen joan dira: Gazapos de película, Vascos en Hollywood, El Termómetro edota Línea caliente, adibidez. Askotan, ikusleen partehartzea ere eskatu izan dute.
Urte hauetan guztietan sona handiko filmak aurkeztu ditu Felix Linaresek ETB2ko saioan. Jarraitzaile gehien Instinto Básico, Parque Jurásico eta La Máscara-k izan dituzte. Audientzia oso ondo portatu da saioarekin eta askotan gainditu du katearen audientzia media. Azken urte honetan ere arrakasta handiko filmei buruzko saioak egin dira, besteak beste, Bienvenidos al Sur (8 apellidos vascos pelikulari buruzko hainbat erreportaje emititu ziren), Salt, Mi querido Frankie eta Un ciudadano ejemplar.
Eta ez telebistan bakarrik, baita interneten ere. "La Noche de..." saioko bideoak eitb.eus-eko bideo ikusienen egon dira askotan. Saioak 18 urte bete zituenean, 18 bideo ikusienen zerrenda egin zen eitb.eus-en. Horien artean daude, besteak beste, “El fantasma de Tres Hombres y un Bebé”, “Famosos deformados por la cirugía”, “Los seis dedos de Marilyn Monroe” eta “Verdades y mentiras sobre Sofía Loren”.
Azken hilabeteotako bideo ikusienen artean, aldiz, Nicole Kidmanen argazki debekatuei buruzkoa edota Bilbon filmatutako pelikulei buruzkoa daude.
Arrakastaz betetako ibilibide horren ordaina izango da irailaren hasieran FESTVal jaialdian Felix Linaresek jasoko duen saria.