Itxi

telebista

Estreinaldia

'Zirt Zart' ETB1eko umore saio berria, gaurtik aurrera

A.E.

EiTB

Euskaraz beste moduko umore bat egitea du helburu 'Zirt Zart' saioak.

Gaur gauean 'Zirt Zart' umore saioa estreinatuko da ETB1en. Interneteko eta telebistako umorezko edukiak bilduko ditu. Euskaraz beste umore mota bat egitea du helburu umore saio berriak.

Astero, igandeetan emitituko den saio honek ordu betez umorezko eduki erakargarriak bilduko ditu. ETBn emisioan dauden programak eta orain dela zenbait urte emandakoak, eta interneteko azken bideo biralak oinarri gisa hartuko ditu. Gazteako Jon Gotzonen ahotsak ikus-entzulea atal ezberdinetatik gidatuko du.

Umorezko atal ezberdinetan banatuta egongo da. Viva Rusia! atalean, esaterako, David de Jorgeren oihua inspirazio duela, Dimitri Eristoff errusiar korrespontsalak vodkaren herrialdetik bideorik eroenen berri emango du. Boxeo Izarrak izenekoan, ETB1eko izen bereko programa oinarritzat hartuta, Pedro Mari Goikoetxea eta Manu Maritxalar esatariek Youtubeko borrokaldi sinesgaitzenak komentatuko dituzte.

Gaur Egun, albistegietako berriak umorez manipulatuta eta komentatuta dauden sekzioa da. Halaber, ETBn astean izan diren une nabarmen edo azpimarragarriekin 10eko zerrenda edo topa osatuko dute.

'Zirt Zart' saioa igandero 21:00etan eskainiko da ETB1en.