telebista
Jarraipena
Giza katearen jarraipen informatiboa EiTBn
Erredakzioa
Gure Esku Dago ekimenak erantzun zabala izango duela aurreikusita, jarraipen berezia egingo zaio telebistan, irratian eta Interneten.
Igande honetan, ekainaren 8an, Gure Esku Dago ekimenak antolatutako giza kateak herritarren partetik erantzun zabala izango duela aurreikusita, EiTBk jarraipen informatibo berezia prestatu du telebistan, irratian eta Interneten.
Telebistari dagokionez, 12:00etan albistegi aurrerapen berezia egingo du ETB-1ek. Zuzeneko konexioak egingo dituzte Durango eta Iruñearekin, giza katearen bi muturrekin. Albistegi horretan giza katearen irudiak erakutsiko dira, hainbat puntutakoak, baita helikoptero bidez Gure Esku Dago ekimenak berak eskainitakoak ere.
Halaber, 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek tarte handia egingo diote giza kateari. Horretarako, giza katearen bi muturrekin zuzeneko konexioak egingo dituzte, eta goizean zehar lantaldeak bildutako testigantzak eskainiko dira.
'Euskal Herria Zuzenean' saio berezia eskainiko da gaueko 22:50ean, egunak emandako nagusiena bilduko du programa honek.
Radio Euskadiren eta Euskadi Irratiaren jarraipena
Irratiari dagokionez, goizean zehar orduz orduko albistegietan eta 'Amarauna' eta 'MQP' saioetan konexioak egingo dira giza katerako prestatzen ari diren puntuekin, bertaratutakoen hainbat testigantza bilduz.
Eguerdiko 12:00etan zuzenean eskainiko da katea osatzeko unea bi irratietan. Durango eta Iruñearekin konexioak egiteaz gain, errepideko hainbat punturekin egingo da hartu-emana, unitate mugikorren bidez. Beste hainbeste egingo da 12:30ak aldera, giza katea desegiteko unean.
Eguerdiko 'Goizak Gaur' eta 'Cronica de Euskadi' albistegietan goizak emandakoaren laburpena egingo da eta amaierako manifestuaren irakurketaren berri emango da.
Minutuz minutuko kontaketa, eitb.com-en
Minutuz minutuko kontaketaren bidez giza katearen gertuko jarraipena egingo du eitb.com atariak.
Streaming bidez eskainiko dira giza katearen irudiak, besteak beste, antolakuntzak helikoptero bidez hartutakoak.
Sare sozialen jarraipena ere egingo du eitb.com-ek, eta giza katearen inguruan bertan bildutakoaren berri emango da.