Itxi

telebista

Estreinaldia

'Basque Country Vertical' saioak Euskal Herriko lekuak eskalatuko ditu

ETB2ko programazio apustu berria aurkeztu dute Bilbon. Emanaldi berezia eskainiko da ETB2n abenduaren 23an, Bilbao Mendi Film Festivalen harira. Programa sorta, berriz, 2014 hasieran estreinatuko da.

1:24
Hotel Domine Bilbo

Euskal Telebistak 'Basque Country Vertical' programazioaren apustu berria aurkeztu du. Euskal Herriko eraikin, egitura eta lekurik berezienak ardatz dituen abentura berria proposatzen du ETB2k, orain arte erakutsi ez den ikuspegi batetik erakutsita. Arantza Garces aurkezle eta eskalatzaileak saio bakoitzeko hiru erronka bertikali egingo die aurre.

Gune eta eraikin berezienak eskalatu beharko ditu. Besteak beste, Gasteizko Andre Maria katedrala, Zumaiako flysch-a, Nerbioiko ur-jauzia (Araba eta Burgos arteko mugan), Arriarango urtegia Beasainen, Bilboko portua, Debagoieneko Monterrongo sekuoia erraldoia, Iruñeko Eraikin Berezia, Salburuko Dorre Gorria, Baionako katedrala, Bilboko BBVAko eraikina eta Pasaiako Platako itsasargia.

'BCV' ikusmenezko abentura da. Euskal Herritik barrena garamatza lekurik harrigarrienak erakutsiz, orain arte erabili ez den ikuspegitik. Emozio eta zirrara eragiten duen saioak irudi eta pasaia harrigarriak uztartu ditu.

Gure eraikinen bertikaltasuna da saioko lantalde adituaren jomuga eta obsesioa. Atal bakoitzean programaturik ez dauden erronka eta desafioei egin beharko diete aurre.

'BCV' saioak Arantza Garces Lan Bertikalen Nazioarteko Eskolaren zuzendariak bere begiekin ikusten duena erakutsiko digu, goietatik, eta abenturaren beste protagonista izango du zaintzaile: octocopter 'drone'a.

Daniel Ojanguren munduko piloturik onenetakoak gidatzen duen 'drone'a da octocopter hori. Ojanguren Espainiako txapeldun izan da hiru aldiz, eta munduko rankingean 15 onenen artean dago.

Erronka bertikal hauei aurre egiteko, Asaken dugu, lan bertikaletako seguritate profesionalik onenak bildu dituen enpresa.

Einarte eta Filmak ekoiztetxeek hartu dute irudiak filmatu, eta programa zuzendu eta errealizatzeko ardura. Fermin Ayo eta Aitor Gisasola ditu zuzendari, eta esparru honetan esperientzia zabala dute biek.

Atal bakoitzean hiru erronka bertikal izango dituzte. Oso erronka diferenteak izango dira, zailtasun eta ikusgarritasunaren ikuspegitik, eta leku eta inguru bakoitzeko adituek horren ezaugarriak azalduko dituzte, betiere orain arte erakutsi ez den ikuspegia emanez.

Emanaldi berezia, abenduaren 23an

Ostiral honetan aurkeztutako atalean, Zumaiako flyscha, Nerbioiko ur-jauzia eta Arriarango urtegia izan dituzte ardatz, eta abenduaren 23an izango da ikusgai, Mendi Film jaialdiaren barruan. Telebistan, ETB2n, berriz, 2014ko lehen hiruhilabetekoan hasiko dira ematen. Guztira, sei atalek osatuko dute lehen denboraldia.