Itxi

telebista

Gaur

Bengoetxea VI-Irujo 4 ½ko finalerdia, zuzenean, ETB1en eta eitb.com-en

A.A.

EiTB

Bengoetxeak eta Irujok gaur jokatuko duten lau t'erdiko txapelketako finalerdiaz gain, saskibaloia, errugbia, atletismoa, herri kirolak, pala, zesta eta futbola eskainiko ditu ETBk.

Oinatz Bengoetxeak eta Juan Martinez de Irujok gaur jokatuko dute lau t'erdiko txapelketako finalerdia zuzenean eskainiko dute ETB1ek eta eitb.com-ek. Ohi denez, arratsaldeko bostetan hasiko da "ETB Kantxa" saioa, Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitiaren kontakizunarekin. Partida nagusiaren aurretik, Berasaluze II-Aretxabaleta / Xala-Cecilio partida jokatuko da.

Zuzeneko beste bi emanaldi ere izango dira: 12etan, ETBKn, errugbiko Ligako Ordizia-Gernika norgehiagokaren berri emango dute Jon Ander Gorospek eta Iñaki Laskurainek; 12:15ean, ETB1en, Endesa Ligako Gipuzkoa Basket-Rio Natura Monbus neurketaren kontakizuna egingo dute Asier Arangurenek, Josean Aldalurrek eta Juan de la Vegak.

Hiru emanaldiak zuzenean izango dira ikusgai eitb.com-en.

Herri kirolei eskainitako bi tarte izango dira igande honetan ETB1en. Goizeko 11etan, 2012ko Euskadiko aizkolari txapelketa ikusteko aukera izango da. Arratsaldeko lauretan, berriz, bezperan Gasteizen jokatutako aizkolarien eta harrijasotzaileen Luken saria. Koldo Aldalur eta Joxe Etxebeste izango dira esatariak bietan.

"Gol Festa"k, Mikel Olazabalek aurkeztuta, bi edizio izango ditu: 19:30ean eta 22:50ean, bigarrena Athletic eta Bartzelona taldeen arteko neurketari eskainia.

Azkenik, ETBKn, 11:30ean, aurreko asteburuan jokatutako Donostiako Maratoiaren laburpena egingo du Anartz Agirrek. Bestalde, 19:30ean, Urkijo-Ibargarai / Gaubeka-Larrinaga pala partida eta Barandika-Minvielle / Olha-Eyheragaray zesta puntakoa izango dira ikusgai. Iñigo Aiestaranek egingo du kontakizuna Mikel Aierbe eta Jabier Arkarazo adituen laguntzaz.