Itxi

telebista

EiTBnahieran

San Mamesen agurraren saio bereziak, EiTBnahieran atarian

100 urte ondoren agur esan duen futbol zelaiaren historiari buruzko erreportajeak eta Realak egin duen denboraldi bikaina laburbiltzeko saioak ikusgai EiTBnahieranen.

  • San Mamesen agurra

    San Mamesen agurra

EiTBnahieran atariak azken  egunetan Euskal Telebistak Athletic eta Realaren inguruan prestatu dituen saio bereziak bildu ditu. Ikusleen eskura daude 'San Mames. 100 urte', 'San Mameseko arima', 'Reala Europara' eta 'Europa txuri-urdinez' erreportajeak. Horrez gain, San Mamesen Athletic eta Bizkaiko selekzioaren artean jokatutako azken partida ere ikusi daiteke.

'San Mameseko arima'

Digytal etxeak ekoiztu duen 'San Mameseko arima' dokumentalean, lehen aldiz, talde zuri-gorriaren historiako hainbat pasarte birsortu dituzte aktore eta figuranteen bitartez. Antzezpen horiek izen handiko protagonistei egindako elkarrizketekin tartekatuko dituzte, artxiboko eta egungo irudiak ere erabiliz.

Garaian garaiko protagonistek emango diete sarrera antzezpen horiei. Besteak beste, Carmelo Cedrun, Jose Angel Iribar, Koldo Aguirre, Rafa Alkorta eta Manolo Delgado jokalariek, izen handiko kazetariek, Elias Mas arkitektoak eta Rafael Aguirre teologoak hartuko dute parte.

San Mamesen historian barrena egingo dugun bidaia magiko honetan Pichichi handiaren ahotsa izango dugu lagun kontakizunean.

'San Mames. 100 urte'

ETBko kirol erredakzioak egin du 'San Mames. 100 urte'. Dokumentalak denboran atzera egingo du eta, San Mames desagertu arren, gure oroimenean betiko egongo diren partidu horiek gogoratuko ditu.

Neurketa historiko horietako protagonistek,  Rafa Iriondo, Jose Luis Bilbao, Carmelo Cedrun, Ignacio Uribe, Jose Angel Iribar, Jabo Irureta, Javi Clemente, Julen Guerrero eta taldeko gaur egungo presidenteak, Josu Urrutiak, zelaiaren inguruko oroimenak, istorioak  eta anekdotak kontatuko dituzte. Betiko gordetzen den dokumental horietakoa izango da hau.

'Reala Europara'

Euskal Telebistako kirol erredakzioak prestatu du 'Reala Europara' erreportajea. Saioaren lehen zatian, Realak bere historian Europan zehar egindako ibilbidea errepasatuko du, hastapenetatik azken partaidetzara arte. Garaian garaiko protagonistekin mintzatuko dira. Bizitako esperientziak gogora ekarriko dituzte Dioni Urreizti, Jose Mari Martinez, Jesus Mari Satrustegi, Juanan Larrañaga, Mikel Loinaz, Agustin Aranzabal, Aitor Lopez Rekarte eta Javi de Pedro jokalari ohiek.

Bigarren zatian, aurtengo denboraldiaren errepaso zabala egingo dute eta   momenturik onenak berreskuratuko dituzte.

'Europa txuri-urdinez'

Realeko jokalarien inguruan lagun koadrila bat direla esaten da. Euren artean dagoen lagunarteko giro hori ezinbestekoa izan dela lortu duten saria eskuratzeko. Eta hori islatu nahi izan du Orio ekoiztetxearen 'Europa txuri-urdinez' dokumentalak. Zuhaitz Gurrutxaga izango da aurkezlea, orain dela 10 urte Realak Champions-a jokatu zuen azkeneko aldian taldean egon zena. Dokumentalaren funtsa Realeko jokalari desberdinak euren afizio, hobby eta futbol zelaitik at dituzten zaletasunetan ikustea izango da, eta hori guztia umore askorekin.

David Zurutuza, Ion Ansotegi, Markel Bergara, Imanol Agirretxe, Mikel Gonzalez eta Xabi Prioterekin izan da Zuhaitz Gurrutxaga.