Itxi

telebista

Emanaldi berezia

Euskal Telebistak San Mames omenduko du gaur gauean

A.A.

EiTB

Aurten mendeurrenarekin agur esango duen futbol zelaiaren inguruko bi erreportaje estreinatuko ditu. Bi saioak aurkezteko ekitaldi berezia izango da arratsaldez Bilboko egoitzako Multibox aretoan.

2:58

Gau emanaldi berezia prestatu du gaur Euskal Telebistaren bigarren kateak San Mames futbol zelaiaren omenez. Aurten 100 urte beteko dituen estadioak San Mames Barriari emango dio lekukoa laster, eta, horren aurretik, Athleticek bertan bizitako une garrantzitsuenak ekarriko ditu gogora ETB2k 22:30etik aurrera ikusgai izango diren 'El Espíritu de San Mamés' eta 'San Mamés. 100 Años' erreportajeetan. Bi saioak eitb.com atarian ere jarraitu ahal izango dira zuzenean. Bi saioak aurkezteko ekitaldi berezia egingo da arratsaldeko zazpietan EiTBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan. Bertara joan nahi dutenek eskaera bidali dezakete sanmames@eitb.com helbidera. Eserleku kopurua bete arte onartuko dira eskaerak. Besteak beste emanaldian izango dira Rafa Alkorta, José Angel 'Cuco' Ziganda, Carmelo Cedrún, Ana Urquijo, Jabo Irureta, Julen Guerrero, Rafael Iriondo eta Javier Clemente

'El Espíritu de San Mamés'

Digytal etxeak ekoiztu duen 'El Espíritu de San Mamés' dokumentalak egitura berritzailea du. Izan ere, lehen aldiz, talde zurigorriaren historiako hainbat pasarte birsortu dituzte aktore eta figuranteen bitartez. Antzezpen horiek izen handiko protagonistei egindako elkarrizketekin tartekatuko dituzte, artxiboko eta egungo irudiak ere erabiliz. Euskaraz ere prestatu dute dokumentala, 'San Mameseko arima' izenburupean.

Sarritan entzun, baina inoiz ikusi ez dituzten gertaera historikoekin gozatzeko parada izango dute ikus-entzuleek. Hala nola, bilbotar sutsuek (Zamacois gimnasioko kide indartsuek) ingelesen aurka jokatutako lehen partida; Athleticeko Zuzendaritza Batzordeak San Mames zaharra eraikitzeko erabakia hartu zuenekoa; bertan jokatutako lehen partida, Irungo Racing taldearen aurka; Aurelio Artetak Pichichiri eta haren neska lagunari egindako margo lana; Pentland Misterraren entrenamenduak; Athleticek golak sartzen zituenean Santa Marinara zihoazen usoen kontua eta beste hainbat bitxikeria...

Garaian garaiko protagonistek emango diete sarrera antzezpen horiei. Besteak beste, Carmelo Cedrun, Jose Angel Iribar, Koldo Aguirre, Rafa Alkorta eta Manolo Delgado jokalariek, izen handiko kazetariek, Elias Mas arkitektoak eta Rafael Aguirre teologoak hartuko dute parte.

San Mamesen historian barrena egingo dugun bidaia magiko honetan Pichichi handiaren ahotsa izango dugu lagun kontakizunean.

Izaera bereziko futbol talde baten historiaren lekuko izan den estadioaren oroitzapenen bilduma osatzeko, egungo irudi ederrak erakutsiko dituzte, helikoptero txiki batzuen bitartez hartutakoak.

'San Mames. 100 Años'

ETBko kirol erredakzioak egin du 'San Mames. 100 Años' dokumentala gaztelaniaz eta 'San Mames 100 urte' euskaraz. San Mamesek, Futbolaren Katedralak, estadio berri bati lekua utziko dio egun batzuk barru, mendeurrena beteko duen urtean bertan. 1913ko abuztuaren 21ean, Athletic eta Irungo Racing taldeen arteko partiduarekin, inauguratu zen San Mames. Rafael Moreno Pichichi-k sartu zuen lehen gola. San Mamesen Pichichiren omenez jarritako estatua partidu gogoangarri handi askoren lekuko izan da.

'San Mames. 100 Años' dokumentalak denboran atzera egingo du eta, San Mames desagertu arren, gure oroimenean betiko egongo diren partidu horiek gogoratuko ditu.

Neurketa historiko horietako protagonistek,  Rafa Iriondo, Jose Luis Bilbao, Carmelo Cedrun, Ignacio Uribe, Jose Angel Iribar, Jabo Irureta, Javi Clemente, Julen Guerrero eta taldeko gaur egungo presidenteak, Josu Urrutiak, zelaiaren inguruko oroimenak, istorioak  eta anekdotak kontatuko dituzte. Betiko gordetzen den dokumental horietakoa izango da hau.

San Mames guztien bizitzaren zati bat baita. Ez bakarrik Athleticeko jarraitzaileena, baita beste taldeetako jarraitzaileena edo futbola gustatu ez zaienena ere.

San Mames nortasun berezia izan duen zelaia da. Bertan bizi izandako giroa izugarriarengatik eta harmaila nagusiko estalkia eusteko duen arkuarengatik mundu osoan ezaguna.

'San Mames. 100 Años'  dokumentala Koldo Urriz kazetariak zuzendu du. Agustin Benito eta Jorge Cerrato izango ditu lagun erredakzioan, Agate Borda errealizazioan, Ibon Diez produkzioan, Iñigo Egido audioan eta Pedro Garcia Larragan ahotsa jarriz.