Itxi

telebista

60 minutos

'Injurias al Rey' saioak arrakasta itzela izan du apirilean

Juan Carlos Etxeberriak aurkezten duen ‘60 minutos’ saioko erreportaje honek 21.000 bisitatik gora izan ditu apirilean; ‘El Conquistador del Fin del Mundo’ programak baino gehiago.

ETB-2k apirilaren 22an '60 minutos' saioan eskaini zuen Injurias al Rey erreportajeak izugarrizko arrakasta lortu du interneteko audientzia datuetan. Hori izan da EITB nahieran atalean apirilean gehien ikusi dena; izan ere, 21.000 ikustaldi izan ditu hamar egunetan. Gainera, aurten gehien ikusi direnen artean hirugarren postuan dago, eta aurreko biak 'El conquistador del Fin de Mundo' programakoak izan dira.

Juan Carlos Etxeberriak aurkeztutako programak eragin handia izan du web orri askotan. Insurgente.org Pentsamendu Askea Kultur Elkartearen web orritik hainbat bisita heldu dira. Bere web orrian eskegi zuen EITB nahieran atalean agertzen den esteka, eta horri esker bisitak ikaragarri hazi ziren.

Sare sozialetan ere eragin handia izan zuen erreportaje honek. Jende askok partekatu zuen programa Facebooken, bisita asko erakarriz horrela. Gainera, programa eskaini zen egun berean, Twitterren askok aipatu zuten erreportajea.

Erreportaje horretan, erregea iraintzea egotzita epaitu edota kartzelatu dituzten pertsona batzuk agertu ziren. Juan Carlos Etxeberria Amadeo Martinez Ingles koronel ohiarekin izan zen. Martinez Inglesek 6.500 euroko isuna jaso zuen Juan Carlos I.ari buruzko kritika bat idazteagatik.

1981ean Punto y Hora aldizkariko zuzendari izan zen Xabier Sanchez Erauskin ere programan izan zen. Sanchez Erauskin kartzelan sartu zuten editorial bat idatzi eta erregearen karikatura bat marrazteagatik.

Bestalde, Iñaki Errazkin kazetaria bere liburuaz aritu zen. Hasta la Coronilla. Autopsia de los Borbones lanean, Errazkinek Felipe V.a errege izan zenetik gaur egun arte izan diren Borboi familiako kideen errepasoa egin du, gertaera historikoei umore apur batez erreparatuz.

Amadeo Rey monarkia dinastikoetan adituak oso bestelako ikuspuntua erakutsi zuen gai horren inguruan, eta publikazio batzuk kritikatu zituen, Errege Familiaren gainean egin dituzten txiste eta broma batzuk oso ezatseginak direla iritzita.

Iñaki Anasagasti ere agertu zen programan. EAJko senatariak Espainiako monarkiari buruzko liburu batzuk idatzi ditu, eta erregearen eta horren familiaren inguruan orain gutxi arte zentsura egon dela salatu zuen.