Replace this text with the error page you would like to serve to clients if your origin is offline.
Itxi

telebista

Estreinaldia ETB-2n

'Memorias de un conspirador' Eguiguren protagonista duen dokumentala

A.E.

EITB

Angel Amigok zuzendutako film dokumentalak Eguiguren eta ETArekin izandako elkarrizketak ditu ardatz. Oslo du abiapuntu lanak, hiri horretan, besteak beste, ETAko arduradunekin bildu zen Eguiguren.

ETBk gaur gauean 22:30ean "Memorias de un conspirador" film dokumentala estreinatuko du. Angel Amigo du zuzendari eta Jesus Eguiguren politikoa du ardatz. PSE-EEko presidenteak urte bete luzez ETAko arduradunekin izandako elkarrizketen emaitza da. Oslo du abiapuntu lanak, hiri horretan, besteak beste, ETAko arduradunekin bildu zen Eguiguren.

Euskal Herrian gertaera asko jazotzen ari dira. Garrantzitsuena, ETAren amaiera. Jarduna eteteko moduak gehiengoa harritu ez ezik, mesfidantza eragin du: Zeintzuk dira ETAren amaiera historikoaren giltzak?; Borroka armatuaren atariko negoziazio saiakerek zein garrantzi izan zuten? Zer nolako etorkizuna du Euskadiko bakeak? Nola gauzatuko da prozesua?

Bake prozesu honen lekuko nagusiak, Jesus Eguiguren euskal sozialisten presidenteak, ETArekin elkarrizketak izatearen ideia nola sortu zen kontatuko du; baita bilerak nola izan ziren ere: ordutegiak, datak eta izan zituzten parte hartzaileak. Sei urtetan burutu ziren topaketen nondik norako eta bakoitzaren ondorioak aletuko ditu.

Elgoibarko Txilare baserrian Otegirekin 'konspiratzen' hasi zenekoa kontatuko du politikariak. Gobernuak eta ETAk elkarrekin hitz egin zezaten saiatzea zen asmoa. Horrez gain, ETAko arduradunekin, Jose Antonio Urrutikoetxea Josu Ternera-rekin Genevan eta Javier Lopez Peña Thierry-rekin Oslon izandako elkarrizketak ere bildu ditu. Politikariak, zikloa bere etxean itxiko du, Gipuzkoako Aizarna  herrian.

Ondoren, 'De Boca en Boca'n, dokumentalaren inguruan hitz egingo dute

Dokumentala amaitu ondoren, 23:15ean, Oihane Mateosek gidatzen duen "De Boca en Boca" eztabaida saioan dokumentalaren inguruan hitz egingo dute. Gonbidatuak honako hauek izango dira: Jesus Eguiguren PSEko presidentea; Juan Mari Ollora, ekonomialaria, Kutxabankeko kontseilaria eta Arabako ahaldun nagusi izandakoa; Pernando Barrena, Sortuko bozeramailea; Luis Aizpeolea, El País-eko kazetariak; Iñaki Soto, Gara-ko zuzendaria, eta Angeles Escrivá El Mundo-ko erredaktore burua

Honako galderak erantzun beharko dituzte gonbidatuek astelehenean "De Boca en Boca" saioan: Zergatik egin zuten porrot ETAren aurreko negoziazio saiakerek?, Euskadin, bakearen atarian al gaude benetan?, Hemendik aurrera zer?, Zer egin behar da gure historiaren atal beltza ixteko?.