telebista
El Conquis
Devi, realityko lehen kaleratua, ‘El Conquis 2013’ko protagonista
Mikel Goñi kapitain ohia mendeku grinaz itzuliko da Patxi Alonsok gidatutako debatera.
Asteazkenean, emisio eguna estreinatuko du ‘El Conquis 2013’ saioak, programako lehen kaleratua, Devi, solaskide duela. Bera kaleratuta, Manu Maritxalarren taldea izan da taldekide bat galtzen lehena, eta hori izango da Patxi Alonsok beste gonbidatuekin batera aztertuko duen gai nagusia. Mikel Goñi kapitain ohia solaskideen artean egongo da.
Halere, saioko mamia programan ikusi ez ditugun irudien emisioa izango da. Oskar dueluaren ostean kanpamentura itzultzen, Picheen kanpamentuan Josetxoren itzulerari nola egingo dioten aurre, eta, batez ere, 3. kapituluan, Michelen tranparekin, zer gertatuko den ikusiko ditugu. Hori izango da, hain zuzen ere, Mikel Goñirentzat gai mamitsuenetako bat, iaz Maritxalarrek bere inguruan egin zituen adierazpenei erantzuteko grinaz etorriko baita platora.
Gainera, saioak igandean ‘El Conquistador del Fin del Mundo’n planteatu ziren zalantzak argituko ditu. Blanca Fernandez Ochoaren irudiak ikusiko ditugu Leon-i buruz hizketan, biek emango duten paseo misteriotsuaren aurretik, eta Devik abentura bukatzean egin zituen konfidentziak ekarriko ditugu platora. Pilotariarekin batera, David Seco eta Gotzon Mantuliz irabazleak, eta Esti Pinedo, Isa Landa eta Iban Viaga aurreko edizioetako lehiakideak izango ditu lagun Patxi Alonso aurkezleak. Denek emango dituzte euren iritziak Piedra Paradan gertatzen ari denaren inguruan, programaren hurrengo emanaldiaren aurretik, eta saioko protagonista polemikoenetako baten inguruan mintzatuko dira; Josetxoren inguruan.
Esaldi eta une onenek, eta hurrengo igandean kapitainek egingo duten probak osatuko dute debatearen edukia. Berriro ere, saioaren zale baten ahotsa gehituko da debatera, besaulki gorrian eserlekua hartuz.
“El Conquis 2013” asteazkenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB-2n.