Prentsa aretoa
Estreinaldia
"Eneagrama" elkarrizketa (bideo)podcast berria GUAUn, Katixa Agirre idazlearen eskutik
EITB
Eneagrametan aditua den 'Jokin Ameztoi' izango du idazleak lagun, Andoni Mutiloa aktoreak sortutako pertsonaia. Hamar atal izango dira, 30 minutukoak, eta honako hauek elkarrizketatuko dituzte, besteak beste: Eneko Sagardoy, Eider Rodriguez, Maite Larburu, Julen Telleria eta Aner Peritz.
-
"Eneagrama" podcast berriaren aurkezpena
Astearte honetatik aurrera "Eneagrama" (bideo)podcasta dugu ikusgai eta entzungai EITBren GUAU Gure Audioa streaming plataforman. "Eneagrama" askotariko sortzaileen plaza da; baina ez da edozein plaza, ez delako ohiko elkarrizketa podcast bat. Bertara doazen gonbidatuak Katixa Agirrerekin batera jolasteko prest egongo dira, eta eneagrametan aditua den Jokin Ameztoi izango dute lagun, Andoni Mutiloa aktoreak sortutako pertsonaia. Katixa Agirrerekin batera aurkezpenean egon dira Andoni Mutiloa, Maite Goñi EITB Mediaren Audio eta Irrati zuzendaria eta Begira ekoiztetxeko Larraitz Zuazo eta Ane Rotaetxe.

Guztira 10 atal izango dira eta bakoitzak 30 minutu iraungo du. Kultur elkarrizketak aurkituko ditugu, gertutasunez eginda, gonbidatuen jardunaz, tonu intimistan eta autoezagutzara bideratuak.
Eneagramaren arketipoen gaia ere landuko dute. Nortasunaren eneagrama sistemaren arabera, nortasunaren sailkapen bat dago, bederatzi arketipotan oinarritua, eta horietako bakoitzak pentsamenduen, sentimenduen eta portaeren ezaugarri eta patroi espezifikoen mapa bat irudikatzen du.
Dinamika erraza du (bideo)podcastak: elkarrizketaren lehen zatian Katixak gonbidatuei euren alde profesionalaren eta pertsonalaren gaineko galderak egingo dizkie eta, erantzunei eutsiz, bigarren partean Eneagraman aditua den Jokin Ameztoi jakintsuak gonbidatuari bere eneatipoa zein den zehaztuko die momentuan egindako test txiki baten erantzunei erreparatuz. Gonbidatu bakoitza zein eneatipokoa den eta horrekin lotzen diren ezaugarriak zeintzuk diren azalduko digute. Era berean, elkarrizketatua eneatipo horri egokitzen zaizkion portaera ereduekin identifikatuta sentitzen den ala ez jakingo dugu eta baita zer ezaugarri gustatuko litzaiekeen, eta zeintzuk ez.

(Bideo)podcastera aski ezagunak diren hainbat diziplinetako sortzaileak gonbidatuko dituzte: Eneko Sagardoy aktorea; Eider Rodriguez idazlea; Maite Larburu abeslari, musikari eta konpositorea; Julen Telleria irrati esataria; Aner Peritz bertsolari gaztea; Aketza Lopez aktorea; Miren Agur Meabe idazlea; Lide Hernando abeslari eta idazlea; Galder Perez antzerki sortzaile eta kazetaria; eta Ainara Azpiazu Axpi ilustratzailea.
Eneko Sagardoy protagonista duen lehen atala ikusgai eta entzungai dugu jada GUAU plataforman.