Prentsa aretoa
Batzen gaituen zinema
ETBk '20.000 especies de abejas' film arrakastatsua estreinatuko du asteartean
EITB
Estibaliz Urresolaren filmaren telebistako estreinaldia ekarriko digu "La Noche De..." saioak, 22:15etik aurrera, ETB2n. Istorio hunkigarria, euskal zinema bere unerik gozoenean den honetan.
-
'20.000 especies de abejas'
Astearte honetan, azaroak 12, 20.000 especies de abejas film arrakastatsuaren estreinaldia eskainiko du ETB2ko "La Noche De…" saioak. Estibaliz Urresolak zuzendutako pelikula 22:15etik aurrera izango dugu ikusgai. Emanaldi berezi batean, saritutako lan honen ibilbide ikusgarria errepasatuko du Dani Alvarezen programak.
EITBren partaidetza du filmak, eta, zalantzarik gabe, bultzada handia eman dio euskal zinemak bizi duen une gozo honi. Besteak beste, Patricia Lopez Arnaiz, Sofia Otero, Ane Gabarain eta Itziar Lazkano dira protagonistak, eta Urresolarena beraren gidoiarekin, Cocóren istorioa kontatzen du. Zortzi urte ditu Cocók eta ez dator bat gainontzekoek berarengandik espero dutenarekin. Ez du ulertzen zergatik. Inguruko guztiek beti Aitor deitzen dioten arren, berak ez du bere burua izen horrekin identifikatzen.
PRIMERAN euskarazko doako plataforman arrakasta handiarekin estreinatu ondoren, orain telebistara iritsiko da, EITBren eskutik, urteko filmetako bat: hiru Goya sari, Zilarrezko Hartza, Urrezko Biznaga, Feroz saria… eta nazioarteko mailan hamaika sari eta aitortza. Filmak historia egin zuen Berlinalen estreinatu zenean, eta 2024ko Goya sarietarako 15 izendapen lortu zituen, markak hautsita: EITBk parte hartutako film batek sariketa honetan inoiz lortutako izendapen kopuru handiena da.
Estreinaldi berezi honekin bat egingo dute Euskal Telebistako saioek, eta elkarrizketak eta erreportaje bereziak eskainiko dituzte asteartean bertan.
eitb